GAKOAK

Ivan Santamaria.
2015eko apirilaren 19a
00:00
Entzun
TTIP Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoarekin jokoan zer dagoen ulertzeko hamar galdera, jarraian:

1. Nortzuk ari dira negoziatzen? AEBetako gobernua eta Europako Batzordea, batasuneko 28 herrialdeen izenean. Munduko bi bloke ekonomiko aberatsenak dira, eta bazkide komertzial nagusiak.

2. Zein da helburua?Atlantikoaren bi aldeetan merkatu bateratua lortzea. Negoziazioak hiru atal ditu: produktuen eta zerbitzuen sarbidea eta merkatuak; arau arazoak eta muga sariak ez diren hesiak; eta arauak, printzipioak eta nazioarteko merkataritzan dauden aukera berriak.

3. Zeintzuk lirateke itunaren etekinak? Ituna justifikatzeko argudio nagusia ekonomikoa da. CEPR elkartearen txosten batean oinarrituta, akordio «handinahitsu» batek urtero BPGa %0,5 eta %1 bitarte handituko lukeela diote negoziatzaileek, eta bi milioi lanpostu sortuko lituzkeela. Kritikoek kalkuluok errefusatu dituzte, eta Ipar Amerikan NAFTA itunaren ondorioak azpimarratu dituzte: Mexikon bi milioi nekazarik lana galdu eta 28.000 denda txikik porrot egin zuten. AEBetan ere ia 700.000 lanpostu galdu ziren.

4. Nola doaz negoziazioak? Ofizialki, 2013ko udan hasi ziren elkarrizketak. Akordio azkarra bilatzeko borondatea agertu zuten bi aldeek, gutxienez pare bat urte beharko zirela onartuta. Hainbat atzerapen izan dira jada.

5. Zer ari da negoziatzen? Europako Batzordeak marra gorririk gabe hitz egin nahi zuen, sektore, produktu eta zerbitzu guztiak negoziazioei irekiz. Haatik, Frantziaren presioak behartu ditu ikus-entzunezkoen sektorea kanpo uztera.

6. Nolako eragina izango luke? Sinatuz gero, edukiak administrazio maila guztien jardunari eragingo dio. Udalerri txiki batetik hasita eta Europako Batzorderaino. Denen jarduna mugatuko du.

7. Publikoak dira elkarrizketak? Sekretuak dira, eta benetan zer ari den eztabaidatzen ezezaguna da, hainbat dokumentu filtratu badira ere.

8. Nola justifikatzen du sekretua Europako Batzordeak? Iritzi publikoaren presioak eragina izan du. Europako Batzordeko Merkataritza komisarioak, Cecilia Malmstrom suediarrak, «inoiz ez bezalako gardentasuna» agindu zuen. Duela aste batzuk arte Europako Parlamentuko legebiltzarkide guztiek ezin zituzten eztabaidarako agiriak irakurri ere egin; orain bai, baina muga ugarirekin. «Espero dut ulertzea negoziazioak soilik direla eraginkorrak konfiantzarako eta eztabaida lasairako tartea dagoenean», Malmstromen esanetan.

9. Nork erabakitzen ditu auziak? Gai arantzatsuena, ziur asko, akordioaren zabalpenari buruz inbertitzaileen eta erakunde publikoen arteko desadostasunak erabakitzeko sistemak dira. Akordioan oinarrituta, tokian tokiko lege batek bere irabaziak mugatzen dizkiola salatzeko aukera luke konpainia batek. Auziari buruzko erabakia hartzea nazioarteko arbitratze epaitegi pribatu batzuen esku geratuko litzateke. Balizko burujabetasun galera horrek sortu duen kezkari erantzungo zaiola ziurtatu du EBko presidenteak, Jean Claude Junckerrek, baina ez du oraindik ezer argitu.

10. Non ikusten dira arriskuak? Akordioaren aurkako mugimenduek arrisku ugari ikusten dituzte negoziazioen itzaletan. Lan eskubideak mugatzea, zerbitzu publikoen pribatizazioa erraztea, ingurumen arauak lausotzea (tartean, fracking-aren ustiapenari ateak irekitzeko), jabetza intelektuala indartzeko neurriak, edo pribatutasun araudiak ahultzea. EBk ziurtatu du akordioak ez duela «arreta printzipioa» hautsiko, eta ez dituela ingurumen eta osasun babes mailak murriztuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.