Enplegua. Langabeziaren 2010eko emaitzak

Galdutako urtea enpleguan

Lanpostuak sortzeko eta kontratazio mugagabea sustatzeko, porrot egin du ekaineko lan erreforma polemikoakUrtea 10.118 langabe gehiagorekin itxi da Hego Euskal Herrian, %6ko hazkundea

Enplegu bulegoak Lanbideren esku geratu badira ere, gehienetan ikur zaharrak daude oraindik. Irudian, Santutxukoa. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
2011ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
2010. urte txarra izan da enpleguarentzat. Abenduan, 178.000 langabe baino gehiago zeuden erroldatuta enplegu zerbitzu publikoetan, aurreko urtean baino 10.000 gehiago. Hazkundea aurreko bi urteetakoa baino apalagoa izan da (%6), baina agerian utzi du ekonomiaren suspertze motela lanpostuen sorrera jarraitua eta egonkorra bermatzeko ez dela aski izan. Abenduan gora egin zuen langabeziak; gainera, etenik gabe, aurreko urteko azken bost hilabeteetan gertatu zen gisara.

Gorabehera ugari izan ditu enpleguaren egoerak. Baikorrenek esango dute ez dela lanpostu gehiago galduko, edo, gutxienez, ez dela 2008an eta 2009an bezain handia izan. Langabeziak goia jo zuen martxoan —ia 182.000 langabe—; ondoren, abuztura arte, behera egin du. Harrezkero, %7 handitu da berriro.

Baina krisiak enpleguan izan dituen ondorioen eta langabeziari kontra egiteko geratzen den erronkaren argazki fidagarriago batek denboran atzera egitea eskatzen du, halabeharrez. Lehman Brothers AEBetako inbertsio bankuak porrot egin eta gainbehera ekonomikoa azkartu zen unean —2008ko irailean— Hego Euskal Herriko 108.000 biztanle zeuden beharrik gabe. Gaur egun, orduan baino 70.000 gehiago dira, eta bi urte baino gehiagoz ezinezkoa izan da alde hori gutxitzea.

Urteak lan erreforma polemiko bat utzi du, halaber. Espainiako Gobernuak gizarte elkarrizketaren bidea itxi eta ekainean lege dekretu bidez lan merkatuaren erreforma martxan jarri zuen, irailean Espainiako Kongresuak bere egin eta 35/2010 Legea bihurtuko zuena. Espainiako Gobernuaren erabakia kalean erantzun zuten sindikatuek, bi greba orokorren bidez. Ekainean, euskal gehiengo sindikalak bultzatuta, eta, irailean, CCOOk eta UGTk deituta. Baina Zapaterok ez zuen atzera egin.

Erreformaren helburuak langabezia murriztea eta «kalitatezko enplegu egonkorra bultzatzea» zirela dio 35/2010 Legeak, eta udaren ondotik aldaketaren efektuak nabarituko zirela ziurtatu zuen gobernuak. Bada, urteko azken lau hilabeteetako emaitzak ikusita, lan erreformak porrot egin du, erabat. Ez du balio izan langabe kopurua gutxitzeko, eta are gutxiago kontratazio mugagabea sustatzeko.

Urteko azken lau hilabeteetan, ia 340.000 kontratu sinatu ziren Hego Euskal Herrian. Horietatik soilik 24.000 izan ziren mugagabeak (%7,06). Espainiako Lan Ministerioak formula jakin bat suspertzen saiatu da —Kontratazio Mugagabea Sustatzeko Kontra- tua—, langilea kaleratzeko orduan kalte-ordain txikiagoa duena, eta kalte-ordain horren parte bat finantzatu die enpresei. Haatik, kontratu mota horren emaitzak hutsaren hurrena izan dira: irailetik abendura 3.100 sinatu dira, egin diren kontratu guztien %1 baino gutxiago. Kontratazio mugagabe guztiaren %12 baino ez dira, era berean.

Kontratazioaren emaitzak 2010. urteko azken lauhilekoan eta 2009. urteko tarte berean ia berdinak dira, erreforma martxan jarri bazen ere. Eta datuek agerian uzten dute oraindik aldi baterako kontratuak egiten direla ia erabat: ehun lan kontratutik 92k iraupen mugatua dute.

Edonola ere, lan erreformaren emaitzak ontzat jo zituen Valeriano Gomez Lan ministroak. Haren irudiko, kontratazio mugagabeak gora egin du Espainian, eta aldi baterako kontratu gehiago mugagabe bihurtu dira. Ekonomia suspertzen denean aldi baterako lanpostuak «azkarrago» bihurtuko dira mugagabe, «erreformari esker».

Industria, onena

2010eko azken hilabetean langabeziak gora egin zuen Bizkaian eta Nafarroan, eta apur bat behera egin zuen Araban eta Gipuzkoan. EAEn izandako igoerari buruzko interpretazio propioa du Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuorde Javier Ruizek. Haren irudiko, ez da enplegu galera orokorra egon, baizik eta gizarte laguntzen onuradun asko «aktibatu» direla enplegu zerbitzuetan, ordaina jasotzen jarraitu ahal izateko.

Aurreko urtearekin alderatuz, langabeziak gora egin du lurralde guztietan. Bizkaiak izan du hazkunderik handiena —ia %8—, eta motelena Gipuzkoak, %2,5. Nafarroak du, hala ere, langabezia tasarik handiena oraindik: %13,93.

Langabeziaren enbata gogorragoa izan da emakumeentzat. 2009ko abenduan gizonak baino emakume gutxiago zeuden lan bila enplegu zerbitzu publikoetan. Egoera hori aldatu da aurten, emakume langabeen kopurua ia %9 handitu baita eta gizonena %3,3 igo. Halaber, langabezia tasa nabarmen handiagoa da emakumeetan, gutxiago daudelako aktibo.

Industrian utzi ditu igaro berri den urteak emaitzarik onenak, sektoreei dagokionez. Langabe kopurua industrian %7 urritu da urte batetik bestera. Ordea, hobera egin duen sektore bakarra da. Lehen sektoreko langabezia %42 handitu da; zerbitzuetakoa, %7; eta eraikuntzakoa, %1 baino ez. Lehen lanpostuaren bila ari direnek ere gora egin dute, nabarmen (%38 gehiago).

Confebasken ustez, 2009 baino hobea izan da 2010, baina lan merkatua oraindik ahul dagoela ohartarazi du. Sindikatu guztiek, berriz, langabeziaren hazkundea eta lan erreformaren porrota nabarmendu dute. Hilaren 27ko greba erantzuteko balioko duela azpimarratu dute ELAk eta LABek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.