Enpresak

Gamesa osorik erosteko asmorik ez duela argitu du Siemens Energyk

Kotizazioa etenda egon da hainbat orduz, baina berriro abiatu da.

Siemens Gamesaren egoitza, Zamudioko parke teknologikoan. LUIS TEJIDO / EFE
Irune Lasa.
2021eko maiatzaren 18a
10:42
Entzun

Siemens Energyk jakinarazi du «uneotan» ez duela asmorik erosteko bere esku ez dagoen Siemens Gamesa adar eolikoaren zatia (%33). Gainera, ukatu egin du operazio hori prestatzeko agindua eman diola Morgan Stanley inbertsio bankuari.

Alemaniako enpresaren oharraren ondoren, CNMV Espainiako finantza merkatuen arautzaileak berriro abiatu du Siemens Gamesaren akzioaren kotizazioa. Hainbat orduz etenda egon da kotizazioa.

Espainiako Expansion egunkariak kaleratu du Siemens Energyk bere euskal adarra oso-osorik erosi nahi zuela, eta gero haren zati batzuk saltzeko intentzioa zuela. Aktibo horiek erosteko interesa agertu omen dute Asiako konpainiaren batzuek.

Eguneko merkatuko prezioetan Siemens Gamesaren %33 horrek 5.800 milioi euro balioko luke.

Egoitza nagusia Zamudion duen Siemens Gamesaren %8 iaz erosi zion Iberdrolari Siemensek. Jabetzaren gehiengoarekin, alemaniarrek talde berri batean integratu zuten Gamesa zena, Siemens Energyn. Hor bateratu ziren haize erroten ekoizlea eta Siemensen petrolio eta gas dibisioa zena. Gaur egun, Siemens enpresa nagusia Siemens Energyren %35en jabea da.

Siemens Energyk aitortu du etorkizunean ez duela baztertzen halako operazioren bat edo beste moldeko bat egitea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.