Gamesak aurkeztu du enplegua erregulatzeko dosierra, eta zehaztu du Nafarroako 283 kaleratzeak non egin nahi dituen. Gehienak, 211, Sarrigurenen. Lehendik jakina zen Zamudioko egoitzako 409 langileetatik 85 kaleratu nahi dituela. Alegia, 368 kaleratze dira guztira. CCOOko ordezkarien arabera, enpresak negoziatzeko prest dagoela esan die. ELAk dosierra lantegiz lantegi negoziatzeko eskatu du, ez dosier guztia batera eta Madrilen. Enpresak eta langileen ordezkariek hilabete dute negoziatzeko. Etzi egingo dute lehen bilera, Madrilen.
Hona hemen Nafarroako kaleratzeen zehaztasunak:
• Gamesa Innovation & Technologyn 206 langile: 166 Sarrigurengo egoitzetan, Imarkoainen 39 eta bat Agoitzen. Gamesa Innovation & Technologyk haize errotentzako palak egiten ditu.
• Gamesa Eolica haize erroten ekoizleak 58 langile kaleratu nahi ditu: 40 Sarrigurenen, 17 Imarkoainen eta bat Noainen.
• Gamesa Korporazio Teknologikoak hamabi langile kaleratu nahi ditu, zazpi Imarkoainen eta bost Sarrigurenen.
• Compass Transworld Logisticen zazpi kaleratze egin nahi ditu, guztiak Imarkoainen.
2013ko abendura bitartean, 2.600 lanpostu murrizteko asmoa agertu zuen Gamesak 2013-2015 urteetarako negozio plana aurkezterakoan. Honezkero 800 lanpostu gutxiago ditu, eta aurrerantzean 1.800 langile kaleratu nahi ditu.