Greba Orokorra

Garbiñe Aranburu: "Egin dezagun Euskal Herrian Madrilen posible ez dena"

LAB sindikatuak manifestazioa egin du gaur, Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren eta Iberdrola Dorrearen artean.

LABen mobilizazioa, gaur. BERRIA
xabier martin
2021eko irailaren 29a
15:32
Entzun

LAB sindikatuak, bere Programa Sozioekonomikoaren aurkezpenean ondoren, manifestazioa egin du gaur, Bilbon, enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketaren alde. Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren eta Iberdrola Dorrearen artean egin du martxa sindikatu abertzaleak, eta amaiera ekitaldian Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak hartu du hitza Hego Euskal Herrian greba orokor bat egiteko dagoen aukerari erreparatzeko. «Euskal Herritik eta Euskal Herrirako Greba Orokorra» egiteko garaia dela azpimarratu du: «Posible egin dezagun Euskal Herrian, Madrilen posible ez dena. Euskal Herrian borroka dezagun, Jaurlaritza eta Confebask, Nafarroako Gobernua eta CEN estu hartzeko eta langileen aldeko erabaki eta politika publikoak garatzeko».

Izan ere, Aranbururen ustez, «ziklo mobilizatzaile berri bat» irekitzeko arrazoiak badira, «sobera» gainera. Lanuzte orokorra urtea amaitu aurretik egin nahi du LABek, eta ELAren erantzunaren zain dago. Bitartean, Aranburu gero eta sarriago eskatzen ari da abenduan litzatekeen balizko greba hori. «Greba orokor berri baterako arrazoiak sobera daude. Greba Madrilera begira, bai; greba Madrileko erabakietan eragiteko helburuarekin, bai, baina greba, batez ere, Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat».

ELArentzat mezua, hura aipatu gabe

ELA sindikatuak ez dio atea itxi greba orokorra antolatzeko aukerari, baina tentuz aztertzen ari da noiz egin beharko litzatekeen. Mitxel Lakuntza idazkari nagusi duen sindikatuak lan eta pentsioen erreformen harira egin nahiko luke mobilizazio handi hori, eta, horretarako, Espainiako Gobernuaren agendari begira dago. Erreforma horiek Espainiako Kongresuan aurrera ateratzeko euskal alderdien botoak beharko dira, eta alderdiak estu hartu nahiko lituzke ELAk greba orokor baten bidez.

LABeko buruak gaur esan du, «irekitzen ari den mobilizazio ziklo berriak emaitzak» emango dituela «ziurtasun osoarekin» joaten badira lanuzte orokorrera. «Bagoaz grebara irekiak ditugun borroka sindikal eta sozialei babesa eta bultzada berri bat emateko, etorkizunean borroka gehiago pizteko baldintza berriak sortzeko. Greba orokorrak bestelako herri mugimenduekin elkarlana sustatzeko aukera ere ematen digu; pentsiodunak, mugimendu feminista, gazteak, migranteen eskubideen defentsan ari direnak... Bagoaz grebara Madrilen eta Euskal Herrian eragin asmoz, patronalari eta bere menpeko gobernuei abisu argi bat bidaltzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.