Garciak gidaritza hartu du CCOOn, sindikatua indartzeko erronkarekin

Biltzar nagusian botoen %84,3 lortu ditu idazkari nagusi berriaren hautagaitzak. Sindikalismo «hurbila» aldarrikatu du lehen hitzaldian. Sektore publikoaren lanari «balioa» emateko eskatu du

Loli Garcia eta Unai Sordo elkarri besarkada ematen, atzo, Gasteizen. Garciak CCOOko idazkaritza nagusian ordezkatuko du Sordo. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2017ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Berrogei urteko historian, bost idazkari nagusi aukeratu du Euskadiko CCOOk. Bosgarrena, lehen aldiz, emakumea da: Loli Garcia da, atzoz geroztik, sindikatuko idazkari nagusia. Haren hautagaitza —sindikatuaren XI. biltzar nagusiko bakarra— babestu zuten afiliatuen %84k. Unai Sordoren lekukoa hartuko du orain Garciak, helburu jakin batekin: sindikatua indartzea, azken urteotako gorabeherak gainditzeko. Sordok, bitartean, beste eginkizun bati helduko dio. Ezusterik ezean, sindikatuko Espainiako idazkari nagusi aukeratuko dute hilabete barru.

Biltzarreko bigarren egunean, sindikatuaren buruzagitza aukeratzeko ardura zeukaten ordezkariek. Garciarentzat lehen hitzaldia zen idazkari nagusi berri gisa. Aurreratu zuen modu koordinatuan eta «adostasun zabalak» bilatuta lan egiteko asmoa duela. «Konprimiso handi batekin onartzen dugu erronka», ziurtatu zien afiliatuei.

Garcia Barakaldon jaio zen, 1968an. Psikologian lizentziaduna da; master bat du erakundeen lidergoan eta zuzendaritzan, eta goi teknikaria da lan arriskuen prebentzioan. 1990. urtean afiliatu zen Euskadiko CCOOn, eta 1992. urtetik dago batzorde eragilean, ardura batean edo bestean. 2000. urtetik, enplegu eta formakuntza idazkari izan da. Hamar kide izango dituen batzorde eragile berriaren buru da Garcia: sei gizon eta lau emakume. Kasu horretan, botoen %82 lortu zituen proposamenak. Batzorde konfederal parekidea egongo dela aurreratu dute, halaber.

Zuzendaritzako kide berriak eta sindikatuko zazpi federazioetako idazkariak ondoan zituela mintzatu zitzaion Garcia biltzarrari. Agerraldi oso neurtua izan zen, sindikatutik kanpoko erakunde edo instituzioen inolako aipamen zuzenik gabea. Ekintza sindikalaren erdigunean lantokia jarri behar dela adierazi zuen. Sindikalismo «hurbila» sustatu behar dutela uste du, «lantegian eta hortik gertu lan egiten duten egiturak garatuta eta indartuta». Afiliazioa eta ordezkaritza antolakuntzatik eraikitzeari lehentasuna emango dio CCOOk, erakundearen legitimazioa handitzeko.

Publikoari balioa eman

Urtebeteko eztabaida eta boterean trantsizioa itxi du biltzar nagusiak. Sindikatuaren apustua da lan osasunaren, formakuntzaren eta berdintasunaren alorrak indartzea. Lan horri beste hiru zeharlerro gehitu dizkio idazkari nagusi berriak: feminismoa, desberdintasunaren eta prekaritatearen aurkako borroka, eta konfederalitatea. Enpresa ereduetan eta lan harremanetan gertatu diren aldaketa handietara egokitu nahi dute sindikatua.

CCOOren izaera konfederalaren balioa azpimarratu zuen Garciak: «Langile klasearen interesen eta eskubideen ordezkaritza orokorra da, batez ere, konfederalitatea». Sindikatuak bere egiten du ekintza sindikala esparru soziopolitikoan eta sozioekonomikoan ere garatu beharra, lan arloan ez ezik.

Egoera politiko eta sozialari erreferentzia gutxi batzuk egin zizkion idazkari nagusi berriak. Publikoari «balioa» emateko garaia dela ziurtatu zuen, «azken urteotan jasan duen desprestigioaren ondoren». Argi utzi zuen zein den Euskadiko CCOOren apustu politikoa: «Autogobernuaren garapen handiago bat defendatzen dugu, ikuspegi sozial batetik, estatuko marko federal batean».

Esker ona Sordorentzat

Zortzi urteko ziklo bat itxi du Unai Sordok CCOOn. Bezperan protagonista izan zen Sordo, eta atzo ere hari mintzatu zitzaion Garcia idazkari nagusi berria. Haren ondoan asko ikasi duela adierazi zuen, eta Espainiako CCOOn idazkari nagusi «bikaina» izango dela agindu zuen. «Erakunde honek asko merezi du, eta Unairekin edukiko dugu». Espainiako CCOOk datorren ekainaren 29an, 30ean eta uztailaren 1ean egingo du biltzar nagusia, Madrilen. Oraingoz, Sordorena da hautagaitza bakarra idazkaritzan Ignacio Fernandez-Toxo ordezkatzeko. Biltzar horretara bidaliko dituen ordezkariak ere aukeratu dituzte Gasteizko bilkuran.

Garciaren hitzek amaiera jarri zioten bi egunez egindako biltzar nagusiari. Bukatu aurretik, ohitura dutenez, afiliatuak eserlekutik altxatu eta ukabila airean abestu zituzten Internazionala eta Eusko gudariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.