Garen jaio da, «esklerosia» astintzeko patronala

Lan harremanetan subjektu berria izan nahi du enpresarien elkarte berriak.Gehiengo sindikalarekin adosteko bokazioa duela iragarri du

Garen enpresari taldeko zuzendaritzako kideak. Erdian, Iñaki Zuloaga presidentea. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2015eko azaroaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lan harremanetan subjektu gisa eragiteko hautagaitza aurkeztu zuen atzo eragile berri batek: Garen patronalgaiak. Enpresa txiki eta ertainen interesak babesteko abiarazi dutela jakinarazi zuten Donostian egindako agerraldian, gaur egun diharduten enpresaburuen elkarteek euren interesak behar bezala babesten ez dituztela uste dutelako.

Confebask patronalen konfederazioko elkarteek —Adegi, Cebek eta SEA— Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa guztien %8ren afiliazioa besterik ez dute. EAEko enpresen %85 ez daude patronaletan izena emanda, eta horrek enpresen tipologiarekin lotura zuzena duela uste dute Garen sortu duten enpresariek. Enpresa txiki eta ertainak Adegik eta beste lurraldeetako patronalek egiten duten eskaintzatik urrun daudela diote, enpresa txiki eta ertainenak ez beste interesak babesten dutela alegia, eta horren aurrean Garen sortu dute.

Ikusteko dago Iñaki Zuloaga enpresaria buru duen patronal hazi horrek izaten duen harrera; horren arabera lortuko du ordezkaritza gehiago edo gutxiago. Jadanik lortu ei dituzten 100 atxikipenak afiliazio bihurtuko balira eta haien atzetik beste ehunka batzuk baletoz, Garen lan harremanetan kontuan hartzeko beste aktore bihurtu litzateke, eta agian sektore jakinetan hitzarmenak eta bestelako akordioak sinatzeko gai litzateke; esan beharrik ez dago patronal berri bat lagungarri izan daitekeela epe ertainera negoziazio kolektiboaren lokarria askatzeko prozesuan.

Adegi, jakinaren gainean

«Ez goaz Adegiren aurka», esan zuen argi eta garbi Iñaki Zuloaga Gareneko presidenteak, baina sarritan erreparatu zion Adegiren eta beste patronalen gaitasun ezari enpresa txiki eta ertainei dagokienez. Pello Gibelalde Adegiko presidentea jakinaren gainean zegoela ere kontatu zuen Jesus Gomez Montoya presidenteordeak. «Pello izan da proiektu hau ezagutu duen lehena».

«Milaka enpresari txiki eta ertain gara, eta enplegu guztiaren %80 ordezkatzen dugu», azaldu zuen Zuloagak. Garen hiru lurraldeetan zabalduko da, nahiz eta Gipuzkoan sortu den, eta «gutxieneko egitura» izango du. Nafarroan ere «norbaitek» antzeko proiekturik sortzen badu, «ongi etorria» izango dela esan zuen presidenteak. Garenek afiliazio kuotan «gutxienekoa» eskatuko du (180 euro), eta horren truke aholkularitza eskaini, «egun dagoen zerbitzu katalogo onena».

Garenek «sindikatuen ordezkaritzaren gehiengoa errespetatuko du», haren presidentearen arabera, egungo «esklerosi egoeran» ezin delako jarraitu, eta lan merkatuaren «desarautzeak gehien jotzen dituena» enpresa txikiak direlako. «Akordioa komeni zaigu, segurtasuna ematen digulako». Horrek ez du esan nahi, ordea, «ELAren aurrean urtuko» direla; «badakigu hau oso zaila dela, eta interes asko adostu behar direla», baina Garen «adosteko asmoarekin» jaio da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.