GREBA OROKORRA

Garraioetan %30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak

Gaur argitaratu du Jaurlaritzako Enplegu Sailak gutxieneko zerbitzuak ezartzeko dekretua. Etzirako deitu dute grebara hainbat sindikatuk.

2012ko azaroaren 12a
10:14
Entzun

Eusko Jaurlaritzak %30 gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu garraioetan datorren asteazkeneko greba deialdirako, eta jai egunetako ordutegiak, berriz, osasun etxeetan. Hilaren 14ko greba egunean zerbitzu publikoetan izan beharreko gutxieneko langile kopurua zehazteko, gaur argitaratu du dekretua Jaurlaritzako Enplegu Sailak. Euskotrenek, Bilboko Metroak, tranbiek eta autobusek lanean izan beharko dituzte gutxienez hiru langiletik bat. Gainera, jai eguna izango balitz bezala egingo dute lan bidesarietan eta gasolindegietan.

Osasun etxeetan ere jai egunetan izan ohi den langile kopurua arituko dira gutxienez beharrean. Lehen arretari dagokionean, larunbatetako lantaldea egon beharko da lanean, gutxienez. Zerbitzu guztiak bermatu beharko dituzte, ordea, larrialdi zerbitzuek eta etengabeko arreta guneek. Beste horrenbeste egin beharko dute onkologia eta hemodialisi tratamenduak dituztenei arreta emateko.

Hezkuntzan, garraio zerbitzu guztiak bermatu beharko dira hezkuntza ez unibertsitarioan, eta haurtzaindegi nahiz unibertsitateetan atezain edo koordinatzaile batek egin beharko du lan gutxienez. Larrialdietarako arreta zentroek eta suhiltzaileek jai egun bat balitz bezala egingo dute lan.

CCOOk, UGTk, LSBk, CGTk, LKNk eta ESK-k deitu dute grebara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.