Garraiolari bat hil da Baionan

Kamioia errepidetik atera eta irauli egin da, A-63 eta A-64 autobideen arteko bidegurutzean

Catelsako langileak, atzo, enpresaren kanpoaldean egindako agerraldian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Baiona
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Ezpeletako (Lapurdi) 36 urteko kamioi gidari bat hil zen atzo Baionan, kamioia irauli ostean. Istripua 08:50 aldera gertatu zen, A-63 eta A-64 autobideen bidegurutzean, Ametzondo inguruan. Kamioia bihurgunea hartzen ari zela errepidetik atera zen, hesia hautsi zuen eta iraulita geratu zen. 38 tona betoi zeramatzan.

Kamioiaren kabina txikituta geratu zen, eta gidaria, barruan harrapatuta. Larrialdi zerbitzuak, suhiltzaileak eta jendarmeak aritu ziren gidaria ateratzen. Bizirik ateratzea lortu zuten, baina oso larri. Geroago hil zen.

Kamioi gidariak Uztaritzeko (Lapurdi) enpresa batentzat lan egiten zuen duela bost urtetik, eta egunero pasatzen zen atzo istripua izan zuen lekutik.

Baionakoa aurten Euskal Herrian lan istripuan hil den hamazazpigarren langilea da, LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera: sei Bizkaian, bost Gipuzkoan, lau Nafarroan eta bana Araban eta Lapurdin.

Hildako horien guztien artean, Baionakoaz gain, beste kamioi gidari bat ere badago: urtarrilaren 19an 33 urteko kamioi gidari bat hil zen Arrasaten (Gipuzkoa), GI-627 errepidetik atera eta lau metroko maldatik erorita.

Herenegun, berriz, auto bateko gidariak ibilgailuaren kontrola galdu eta errepideko hesi bat aldatzen ari ziren bi langile harrapatu zituen, Arrasaten, GI-627 errepidean, 12:30 aldera. Langileak larri zauritu ziren eta Arrasateko ospitalera eraman zituzten. Ertzaintza gertatua ikertzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.