Garraiolari bat hil da, martxoaren 13an izandako lan istripu baten ondorioz

Orixol Garraioak enpresako langileari zama gainera erori zitzaion Arrasaten. LABek salatu du garraiolariei ez dagokiela karga eta deskarga lanak egitea.

TKV taldeko Areazka 2014 enpresako langileek elkarretaratzea egin zuten martxoaren 15ean, lan istripua salatzeko
TKV taldeko Areazka 2014 enpresako langileek elkarretaratzea egin zuten martxoaren 15ean, lan istripua salatzeko. LAB DEBALDEA
joxerra senar
2024ko apirilaren 9a
17:45
Entzun

Martxoaren 13an lan istripu larria izan zen Eskoriatzan, Fagor Ederlan enpresaren kanpoaldean. LABek jakinarazi duenez, lan istripua jasandako 25 urteko garraiolaria hil egin da, istripuak eragindako zauri larrien ondorioz. TKV taldeko Orixol Garraioak enpresako garraiolaria zen.

Sindikatuak egindako zenbaketaren arabera, urtea hasi denetik 18 langile zendu dira lanean ari ziren bitartean. 

Fagor Ederlanentzat materiala garraiatu zuen langileak, eta zama gainera erori zitzaion. Sindikatuak deitoratu du garraiolariei ez dagokiela karga eta deskarga lanak egitea: «Enpresa askotan ez da errespetatzen segurtasun arau hau, eta bitartekorik ez duen garraiolariari uzten zaio materiala manipulatzen».

LABen irudiko, arrisku faktore gehigarria da eta garraio zerbitzua kontratatzen duten enpresek karga eta deskarga prozedurak garatu behar dituzte. «Lan horiek egingo dituzten langileen arriskuak aurreikusi behar dituzte, eta beharrezkoak diren neurri guztiak ezarri».

Gainera, sindikatuaren arabera, garraio sektoreko lan istripu larriak eta hilgarriak gorantz ari dira. «Sektore honetako langileek trafikoko istripu traumatikoez gain arazo kardiobaskularrak modu nabarmenagoan pairatzen dituzte». 

LABek elkartasuna adierazi die hildako langilearen senideei eta lagunei. Aurreratu duenez, aurki mobilizazioak antolatuko dituzte LAB, ESK, Steilas, Hiru eta EHNE sindikatuek lan heriotza salatzeko.

Lan istripua izan eta bi egunera, martxoaren 15ean, TKVko langileek elkarretaratzea egin zuten enpresako arduradunei «prebentzio eta segurtasun neurri gehiago» eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.