Garraiolari bat hil da Zarautzen, haren ibilgailua trenbidera erorita

Lau dira joan den bi asteetan beharrean ari zirela hildako langileak, eta 34 urte hasieratik orain artekoak

Kamioia, trenbide erdian erorita, eta garabia, bertatik kentzeko lanetan. GARO GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
2011ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Garraiolari bat hil zen atzo A-8 errepidean, Zarautz parean (Gipuzkoa), gidatzen zihoan kamioia errepidetik irten eta trenbidera erorita. Suhiltzaileak bertaratu ziren gizona kabinatik ateratzeko, oraindik haren egoera zein zen ez zekitela. Ateratzea lortu zutenean, ostera, hilik aurkitu zuten gidaria. Trailer motako ibilgailu astun bat zen, eta trenbidean geratu zenez, Euskotrenek Bilbo eta Donostia arteko zerbitzua gelditu behar izan zuen. Aurten 34 langile hil dira beharrean ari zirela, eta horietatik zortzi garraiolariak ziren.

Ezbeharra 13:40 aldera gertatu zen. Oraindik argitu ez diren arrazoiengatik, Irunerako norabidean zihoan kamioia aurkako noranzko errepidera igaro zen, tarteko hesia hautsita. Ondoren, bertatik irten eta trenbidera amildu zen Meagako tunel parean. Gidaria ibilgailu barruan harrapaturik geratu zen, eta suhiltzaileek ateratzeko lanak izan zituzten. Ateratzea lortu zutenean, gidaria artatu zuen sendagileak haren heriotza berretsi zuen. 17:30-18:00 aldera erretiratu zuten gorpua istripuaren lekutik.

Bilborako bideetako bat itxita egon zen arratsalde osoan, kamioia trenbidetik ateratzeko hiru garabi aritu baitziren lanean. Ertzaintzak jakinarazi duenez, auto ilara luzeak sortu ziren horregatik. Ertzaintzak martxan jarri du gertatutakoa argitzeko ikerketa.

Zortzi gidari

Azken heriotza honekin lau dira joan zen uztailaren 29tik beharrean ari zirela hildako langileak. Zumarragako Arcelor Mittal enpresan (Gipuzkoa) langile bat hil zen, eta hurrengo egunean, hilaren 30an, nekazari bat hil zen Iruritan (Nafarroa), lanean ari zela. Beste bat Donostiako La Salle ikastetxeko fatxada konpontzen ari zela zendu zen; bost metrotik behera erori, eta Donostiako ospitalean hil zen hartutako kolpearen ondorioz. Hasierako ikerketen arabera, gizonak 25 kiloko porlan zaku bat zeraman egur batzuen gainetik zihoala, baina egiturak ezin izan zuen pisua jasan, eta langilea beheko patiora erori zen. Ondorengo egunetan Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritzak istripuaren inguruko informea egin zuen. Bertan zehaztutakoaren arabera, obrak hasi aurretik ez zuten segurtasun planik egin, eta, gainera,ez zen lanen hasieraren berri eman.

Zumarragako eta Donostiako kasuetan, gainera, segurtasun neurri nahikorik hartu ez zela salatu dute ELA eta LAB sindikatuek. Nafarroako nekazariaren kasuan, ordea, ez dute xehetasunik eman.

Sindikatuek azpimarratu dutenez, azken kasuetan langileak «egoera prekarioan» ari ziren lanean, eta horren kontra erakundeek ez dutela ezer egin ohartarazi dute. LAB sindikatuak egindako zenbaketaren arabera, urte hasieratik hona 34 langile hil dira beharrean. Halaber, horietatik zortzi zirkulazio istripuen ondorioz izan dira; horietako bat Basauriko (Bizkaia) taxi gidari bat zen.

Azken bi asteetako hiru heriotzak salatzeko elkarretaratzeak antolatu zituzten atzo ELA eta LAB sindikatuek. Langileei «elkartasuna» erakutsi zieten eta istripuaren erantzuleei «ohartarazpen ohar bat» bidali; heriotzak «ezkutuko ekonomiaren» ondorioz gertatu zirela adierazi zuen LABek, eta horrek amaitu beharra daukala gaineratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.