Garraiolari bat hil egin da Elduainen, kamioia mendi mazela batean erorita

Maldan behera erori aurretik, kontrako bidean zihoan autobus baten atzerako ispilua hautsi du

Istripuaren lekura joandako pisu handiko garabietako bat kamioia altxatzen, garraiolaria azpitik atera ahal izateko. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2012ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Garraiolari bat hil egin da Elduainen (Gipuzkoa), gidatzen zihoan kamioa errepidetik irten eta mendi mazela batetik erorita. Erreka txiki bat ere igaro zuen erortzean. Atzo arratsaldeko ordu biak inguruan gertatu zen ezbeharra, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera.

Tolosa eta Berastegi (Gipuzkoa) arteko GI-2130 errepidean izan zen istripua. Portugalgo matrikula zuen kamioiak, eta paperezko bobinak zeramatzan; Berastegirako bidean zihoan. Istripuaren ondorioz, karga zelaian zabalduta geratu zen.

Errepidetik atera aurretik, baina, Tolosarako bidean zihoan autobus baten atzerako ispiluaren kontra jo, eta hautsi egin zuen.Kamioi gidariaz gain, beste inor ez zen zauritu. Oraindikzehazteko dago istripua zerk eragin zuen.

Suhiltzaileak eta pisu handiko bi garabi joan ziren istripuaren lekura, garraiolariaren gorpua kamioi azpitik ateratzeko. Baina osasun zerbitzuek ezin izan zuten ezer egin. Larrialdi zerbitzuen lanak errazteko, eta kamioia erretiratu ahal izateko, hiru bat orduz errepidea itxi egin behar izan zuten ertzainek.

Astebetean, bigarrena

Euskal Herrian astebetean istripuz hil den bigarren garraiolaria da Elduainekoa. Izan ere, beste istripu bat gertatu zen joan den astean, Fiteron (Nafarroa). Etxeko obrak egiteko harriak zeramatzan kamioi bat irauli, eta garraiolaria bertan hil zen —Fontellaskoa zen—. Harekin zihoan bikotekidea, eta larri zaurituta eraman behar izan zuten Tuterako ospitalera.

Istripu haren karietara, Hiru, ELA, LAB, EHNE eta EILAS sindikatuek salatu zuten garraiolariek izaten dituzten lan istripu «asko» eragotzi egin daitezkeela. Horretarako borondatepolitikoa «besterik» ez dela behar diote.Gainera, erakunde publikoen, enpresen eta gizartearen begirunea exijitu zuten sindikatuek garraiolarien lan eskubideen inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.