Garraiolariek premiazko neurriak nahi dituzte, egoera «larria» delako

Sektorearen etorkizuna bermatuko duten gutxieneko baldintzak zehazteko eskatu diete Jaurlaritzari eta aldundieiBerehala neurririk hartzen ez bada, mobilizazioak hasteko prest agertu dira

Garraio sektoreko hainbat elkarte, sindikatu eta kooperatibaren agerraldia, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
2012ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako garraiolariak «baztertuta» sentitzen dira. Sektoreko egoera «larria» da krisiaren ondorioz, «lehertzeko zorian» dago haien esanetan. Hala ere Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek ez dutela pausorik ematen salatu dute. Horregatik, premiazko neurriak hartzeko eskatu zieten atzo sektoreko hainbat elkarte, sindikatu eta kooperatibak. Tartean ziren Arabako garraio elkartea, Asotrava, Egas sindikatua, Euskadiko kooperatiben federazioa, Hiru eta Sintrabi.

Errepideko salgaien garraioa zerbitzu publiko bat denez gerogutxieneko errentagarritasun eta segurtasun baldintzak bermatzeko ardura administrazioena dela uste dute. Berehala neurririk hartzen ez bada mobilizazioak egiteko prest daudela ohartarazi dute.

Beren nahiak sei puntutan laburbildu dituzte. Batetik, Eusko Jaurlaritzako Errepideko Merkantzien Kostuen Behatokiak ematen dituen erreferentzien gaineko jarraipena egiteko eskatu dute. Urteko lehen hiruhilabeteetako datuak eskuetan, Espainiako Gobernuko Kostuen Behatokiak agerian utzi du %2,5 jaitsi direla prezioak iazko datuekin alderatuta. Hala, garraio ibilgailu batek kilometroko 1,37 euro kobratzen du batez beste; iaz, aldiz, 1,39 euro. 2006ko prezioak kobratzen ari dira gaur egun.

Bestalde, enpresek ordainketak egiteko gehienez 30 eguneko epea izatea eskatu dute, eta ez orain gertatzen den bezala, «180 edo 200 egun, kasurik hoberenetan». Erregaiei zerga autonomikorik ez jartzea eta zirkulazio librea duten errepideetan bidesariak edo bestelako zergak ez ezartzea ere galdegin dute. Garraiolarien ordezkarien arabera, soilik tasa edo zerga berriak «inposatzeko» hartzen dute garraio sektorea kontuan.

Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan erroldatuta dauden edo lan egiten duten kooperatiba «faltsuen» aurkako plan bat nahi dute, iruzurra saihesteko, eta, horrekin batera, garraio enpresa txiki eta ertainen aldeko politikak garatzea, horiek babesteko eta laguntzeko. «Ez gara poliziak, erakundeek ziurtatu behar dutelegeak betetzen direla», adierazi dute.

Kostuen garestitzea

Datuek islatzen dute egoera bereziki trabatu dela krisia hasi zenetik. Geroztik prezioak %200 jaitsi dira, garraio elkarteen arabera, eta sektorearen %15 desagertu egin da. «Geratzen direnak galtzeko zorian daude; zenbait garraiolarik kostuen azpitik lan egitera behartuta ikusten dute euren burua».

Jarduerak behera egin du, baina, aldi berean, garraiolariek dituzten kostuek gora egin dute. Gasolioaren prezioa 2007tik 2012ra %40 igo da, Hiruren datuen arabera; garraio ibilgailu mota bakoitzak ordaindu beharreko kostuak, berriz, %49 igo dira batez beste urteko lehen hiruhilekoan, Espainiako Sustapen Ministerioko Garraio Behatokiak dioenez.

Jaurlaritzaren eta aldundien laguntza ez dute sentitu orain arte. Administrazioek «ezikusiarena» egiten dutela salatu dute, eta ez dutela garraiolari autonomoak babesteko neurririk hartzen: «Ez dago garraio politikarik, estrategikoa den sektorea babesteko politikarik ez da egiten». Hori dela eta, zuzenean politikariengana jo dute oraingoan, lehendakaritzarako hautagai bakoitzari gutun bat bidaliz. Estitxu Ugarte Hiru sindikatuko kideak«presazko erantzun bat» eskatu die, «konpromisoak», eta ez «promesak». Amaia Martinez Asotravako kidearen ustetan, «behin betiko» abisu bat emateko beharrak garraiolari autonomoak batzea ekarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.