Mercedes autogileak Gasteizen daukan lantegiak eten egin du enplegu erregulazioa, ibilgailu eskariak hazkundea izan duela eta. Haren arabera, urteko ekoizpena 84.500ekoa izango da, urte hasieran aurreikusi baino 8.800 handiagoa. Une hauetan eguneko 400 auto egiten dabiltza.
Lantokiko ia langile guztiak zeuden erregulazioan, enpresaren hirugarrengoan, eta ekainaren 30era arteko plana zen. Lehengo urtean Gasteizko plantako zuzendaritzak jakinarazi zuen orduko uztailaren 1ean hasita 3.150 langileetatik 2.874k etxean geratu beharko zutela urtebetean 55 egunez.
Sindikatuek esan dute pozik hartu dutela etete erabakia, eta lan baldintzak hobetuko diren itxaropena azaldu dute. Zuzendaritza eta sindikatuak asteartean bilduko dira, lan itunari buruz hitz egiteko.
Enplegu erregulazioaren etetea "albiste zogarritzat" jo du Patxi Lazkoz Gasteizko alkateak, "gauzak pixka bat hobeto baitoaz". Lazkozen ustez, urteko bigarren zatian enpresa txiki eta ertain batzuek ere antzeko erabakia hartuko dute, eta "enplegua hazi egingo da, suabe bada ere".