Koronabirusa

Gasteizko Mercedesek konpentsaziorik gabeko erregulazioa aurkeztu du

Auto bat, Gasteizko lantegitik ateratzen, aurreko astelehenean. RAUL BOGAJO (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko martxoaren 24a
14:27
Entzun

Mercedes-Benzek Gasteizen duen lantegiko zuzendaritzak lana erregulatzeko dosier bat aurkeztu du, «ezinbesteko arrazoiak» argudiatuta. COVID-19a dela eta, lantegiak ekoizpena gelditu du, eta horrek ia langile guztiei eragin die: 5.000 ingururi. Erregulazioak ez du inolako konpentsaziorik aurreikusten beharginentzat.

Enpresa batzordeak eta zuzendaritzak bilera egin dute astearte honetan, espedientea negoziatzen saiatzeko, eta, sindikatuek jakinarazi dutenez, martxoaren 16tik apirilaren 11ra arte egongo da indarrean.

Langile batzordeko presidente Igor Gebarak (ELA) adierazi du «harrituta eta haserre» daudela zuzendaritzaren jarrerarekin sektoreko beste enpresa batzuetan eta Alemaniako Daimler taldean —horren menpekoa da Mercedes—, esaterako, konpentsazioei buruzko akordioak lortzen ari direlako. Azaldu duenez, enpresak jakinarazi die multinazionalaren zuzendaritzaren baimena behar duela hori negoziatzeko, eta beste bilera baterako deia egin die; oraindik ez dute egunik zehaztu.

Langileen batzordeak azaldu du zuzendaritzari eskatu diola «ahalegin bat» egiteko eta langileei konpentsazioren bat emateko. Enpresarekin biltzeko nahia agertu du, nahiz eta enplegua erregulatzeko espedienteetan ez den derrigorrezkoa sindikatuekin negoziatzea eta akordioa egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.