Gasteizko Michelineko grebalariek produkzioa eten dute berriro

Sindikatuen arabera, ekoizpen lerroetan %95ekoa da greba

Gasteizko Michelingo langileak asteleheneko mobilizazioan. DAVID AGUILAR / EFE
inaut matauko rada
2023ko ekainaren 7a
13:42
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur ere greba eguna dute Gasteizko Michelin multinazionalaren lantegian, eta, grebara deitu duten sindikatuen arabera, ekoizpen lerroetan %95ekoa da greba. Astelehenekoak baino oihartzun handiagoa biltzen ari da gaurko deialdia, langileen %93k babestu baitzuen orduan.

Goizean goiz, 08:30ean, manifestazioa egin dute sindikatuek, eta 13:00etan beste mobilizazio bat egingo dute enpresako atarian. Arratsaldean egingo dute azken manifestazioa, 18:00etan, Zaragama auzoan; lantegitik aterako da, eta Martxoak 3 plazan amaituko da.

Gutxieneko ordezkaritza sindikala duten sindikatuek antolatu badute ere —ELA, LAB, CGT eta ESK—, ia erabatekoa da greba. Izan ere, sindikatu nagusiek —CCOO, UGT, CSIF eta CCM— greba ez babestea erabaki zuten, baina langileak deitzaileen alde egiten ari dira.

Michelinen Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) lantegian ere grebak egiten ari dira azkenaldian. Gasteizko planta Espainiako birekin batera dago zentro arteko batzorde batean, baina Lasarte-Oriako lantegian enpresa batzorde propioa dute. Bertan, sindikatu guztiek babestu dituzte greba deialdiak. Astelehenean egin zuten greba han ere, eta Jon Martin enpresa batzordeko LABeko ordezkariak adierazi zuen ekoizpen lerroetan “erabatekoa" izan zela greba, "%100ekoa".

Inflazioaren eragina

Gasteizko eta Lasarte-Oriako lantegiek zeinek bere enpresa batzordea badute ere, zuzendaritzek hitzarmenak berritzeko egindako proposamenak "ia berberak" dira, Martinen hitzetan.

Michelinek %12ko soldata igoera eskaini du datozen lau urteetarako: %5ekoa 2023rako, %3koa 2024rako, %2koa 2025erako, eta %2koa 2026rako. Sindikatuek nahi dute, ordea, soldata kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzea; izan ere, hortik kanpo geratu dira malgutasun pizgarria eta gaueko lanaren pizgarria: «Ekoizpenean lan egiten duten langileen %80k baino gehiagok pizgarri horiekin egiten dute lan, eta haien soldataren %20 inguru dira», azaldu du Martinek.

Horregatik eskatu dute sindikatuek, hain zuzen ere, KPIa «tranparik gabe» bermatzeko. 2022an iraungi zen Michelineko azken hitzarmena, eta, itun horretan, soldatak ez zeuden KPIaren aldaketei lotuta. Hala, Martinek adierazi du erosahalmena %9 jaitsi dela oinarrizko soldatetan, eta pizgarrietan, berriz, %13.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.