CCOOk lan gaixotasunagatik hildako bati dagokion pentsioa eskatu du F.J.M. langilearen alargunarentzat, eta baita segurtasun faltagatik prestazioen errekargua ere. Sindikatuak jakinarazi duenez, langilea Gasteizko Michelin enpresan aritzen zen lanean, eta han zegoen amiantoaren eraginez sortutako pleurako minbiziaren eraginez hil da. 55 urte zituen.
Osalanek eta laneko ikuskatzaileak egindako ikerketa batek baieztatu egin zuen Gasteizko Michelinen amiantoa erabiltzen zutela, beharrezko segurtasun neurririk gabe, gainera. Hala ere, Gizarte Segurantzak langileari ez zion onartu mineral hark eragin zionik minbizia.
Hori dela eta, CCOOk salatu egin du Lan eta Osasun Sailaren jarrera. «Noiz arte segitu behar dute minbizi hauek isilarazten?», adierazi du Jesus Uzkudun sindikatuko laneko segurtasun arduradunak. Haren esanetan, enpresetan ez dira behar adina lantzen minbizia eragiten duten edo toxikoak diren produktuen prebentzioa. Hala, sustantzia horiek guztiak kentzeko eskatu du. Era berean, medikuei eskatu die gaixoaren ohiturak ez ezik haren lan baldintzak ere kontuan hartzeko.
Gasteizko Michelingo langile ohi bat hil da, amiantoaren eraginez
CCOOk salatu du haren minbizia ez zutela hartu lan gaixotasuntzat, lantokian mineral hori zegoela frogatu arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu