Kontu publikoak

Gastu muga %6 handitu du Nafarroako Gobernuak

Kopurua are gehiago handi daiteke, baldin eta EBko funtsetatik diru gehiago jasotzen badu.

Elma Saiz eta Maria Txibite, artxiboko argazkian. IñIGO URIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko irailaren 17a
12:18
Entzun

Nafarroako Gobernuak 4.743,4 milioi euroko gastu muga bat izango du aurrekontuetan. Inoizko kopururik handiena da, eta aurtengoa baino ia %6 baino handiagoa.

Kopuru hori ez da, ordea, Iruñeko gobernuak gastatu ahal izango duena, horretatik kendu behar baita udalak finantzatzera joango diren 264 milioi eta Espainiako Estatuari egingo dion ekarpena (573 milioi euro). Edonola ere, azken kopuru hori ere alda daitekeela onartu du Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, Madrilekin negoziatu beharrekoa delako.

Kopuru osoetan, aurten baino 262 milioi handiagoa izango da gastu muga. Horretatik, zati bat Europako Batasunetik etorriko da, dela React planetik, dela Suspertze eta Erresilientzia tresnatik (RRF, ingelesezko laburduran). Baliteke kopuru hori handitzea baldin eta urteak aurrera egin eta Nafarroak aurkeztutako proiektuek EBko funtsen zati handiagoa eskuratzen badute.

Diruaren zati bat zorpetze berriaren bitartez jasoko du gobernuak. Izan ere, datorren urtean BPGaren %0,9ko defizita hitzartu du Iruñeak Madrilekin; gutxi gorabehera 200 milioi euro dira.

Aldaketak zergetan

Zerga bitartez ere %9 gehiago jasoko duela espero du Saizek, 350 milioi euro hain zuzen ere, nahiz eta Espainiako Gobernuak elektrizitatearen prezioa asko ez igotzeko hartutako neurrietako batzuk zuzenean egingo dioten kalte zerga bilketari. Madrilek %21etik %10era jaitsi zuen argindarraren BEZa, eta astearte honetan iragarri zuen argindarraren zerga %5,11etik %0,5era murriztuko zuela.

«Klase ertainei eta txikiei» errenta zerga jaisteko asmoa du Maria Txibiteren gobernuak, baina goiz jota datorren urtean onartuko da hori, eta, hortaz, 2023an izango du eragina. Saizek azaldu duenez, orain adituen talde bat ari da proposamena lantzen.

Gastu araua finkatu ondoren, departamentu guztiek beren gastu proposamenak egingo dituzte datozen asteetan, eta gero lege proiektua negoziatu beharko du gobernuak Nafarroako Parlamentuko alderdi politikoekin. Aurrekontu legea beranduenik abenduaren 31n onartu behar da, 2022ko urtarrilaren 1erako indarrean izan dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.