Fagor Etxetresnak

Gaur ere ez da sinatuko Cataren aldeko adjudikazioa

Kataluniako CNA taldeak astelehenean jarriko ditu bere izenean Fagor Etxetresnen aktiboak.

Catako zuzendari Francisco Martin, Fagorren egoitzan, Arrasaten. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
xabier martin
2014ko urriaren 30a
15:25
Entzun

Oraingoan ere "arazo administratiboak" daudela jakin du BERRIAk, eta, beraz, gaur Bartzelonan sinatzekoa zen kontratua ez dute egingo. Hala, berriro atzeratu da Catak Fagor Etxetresnen lantegiak eta beste jabetza batzuk bere izenean jartzeko sinadura, bosgarrenez. Francisco Martin Catako buruak aste honetan bertan iragarri zuen "hainbat atzerapenen ondoren" gaur sinatuko zela. Baina, itxura batean, eta betiere "arazo administratiboak eta agendari lotutako oztopoak" medio direla, ez da hain erraza Fagor Etxetresnen prozesuaren zirkulua ixtea.

Bada aukeraren bat Cata martxan jartzen ari den enpresa berria bihar bertan ofizialtzeko sinaduraren bidez, baina "oso litekeena da" hori datorren astean gertatzea, astelehenean seguruenik. Sinadura horrek jarriko dio amaiera Fagor Etxetresnen porrotak eragindako eraldatzeari. Kataluniako enpresa aspaldian da lanean jarduera industrialari lehenbailehen ekiteko. Martinek berak berretsi du gehienez bi astean abiatuko dela ekoizpena Garagartzan (Arrasate) eta Eskoriatzan, egosketa eta ontziteria ataletan.

Ordurako, egoitza Arrasaten izango duen enpresa berriak 155 langile izango ditu, Martinek dioenez, baina horren aurretik Pedro Malagon hartzekodunen lehiaketa kudeatu duen epaileak uztailaren hondarrean erabakitako adjudikazioa kontratuan ofizial egin behar da. Bergarako Gayserren ez da eten jarduera azken urte honetan, bere erdia Vaillantena izaki aurrera egitea lortu baitu. Hango lantaldearen gehiengoa Cataren soldatapeko bihurtuko da luze gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.