Europako batez bestekoetatik urrun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteak. Langabezia, esaterako, %22,1ekoa da; Europako Batasuna maiatza arte osatzen zuten hamabost herrialdeen kopurua baino %6 gehiago. Emakumeen egoera are okerragoa da adin tarte horretan: lau emakume aktibotik bat lanik gabe dago.Jarduera tasari dagokionez, nahiz eta ehunekoa antzekoa izan, lanpostuak galtzen ari dira, batez ere gizonen artean. Europarekin alderatuz gero, ia %7 gutxiago da. Egoera aipagai izan zuenean, lan merkatua gazteekin «bereziki ankerra» dela nabarmendu zuen Lan sailburuak.Azkarragaren departamentuak zenbait arrazoi eman ditu egoera azaltzeko: lanaldi partzialeko kontratu gutxi egiten dira; hezkuntza ez da beti egokia eta maiz ez dio merkatuaren eskaerari erantzuten; enplegua gutxi txandakatzen da gazteen artean; eta ekonomiaren gorabeherak batez ere kaltegarriak izan dira kolektibo horrentzat. Halaber, gazteak hezkuntza sisteman luzaro egon ohi direla esan zuen sailburuak.Edonola ere, egoerari aurre egiteko bere departamentuak «ahalegin handiagoa» egin beharko duela onartu zuen Azkarragak. Ildo horretan, Lanbide enplegu zerbitzua lagungarria izango dela uste du. Bestalde, lanaldi partzialeko borondatezko kontratuak sustatzen jarraituko dutela iragarri zuen Lan sailburuak.Emakumeen egoerak, aldiz, apurka-apurka hobera egin du. Aurten, dagoeneko, %4 igo da emakumeen enplegu tasa. Izan ere, okupazio kopuruak emakumeen laneratzeari esker gehitzen ari dira. Hala ere, Europako batez bestekoetatik bi puntura daude oraindik. Langabezia %10etik behera dago. Duela bost urte bi aldiz handiagoa zen: 1999ko hirugarren hiruhilekoan 73.000 emakume zeuden lanik gabe, eta aurten, tarte berean, 39.000 baino ez ziren.Bestalde, inoiz baino herritar gehiagok dute lana Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Azken datuen arabera, 908.000 pertsonak dute lana (%64,4). Europako Batasunak 2005erako finkatu duen helburutik hurbil dago (%67).
Kontratu berrietatik %8 soilik dira mugagabeak
Okupazio tasa inoiz baino handiagoa da, eta langabeziak behera jarraitzen du (%7,6 da gaur egun). Txanponaren ifrentzua, aldiz, kontratuen kalitatea da. Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak emandako datuen arabera, kontratua duten hiru lagunetik batek aldi baterakoa du. Sinatzen diren kontratu berrietatik %8 soilik dira mugagabeak. Joseba Azkarragak, dena den, ez dagoela haien esku nabarmendu zuen. «Kontratuei buruzko legedia egitea ez da geure eginkizuna. Ziur asko beste eredu bat hautatuko genuke», ziurtatu zuen.
Legebiltzarrean prekarietatearen arazoari buruz hitz egiteko asmoa du sailburuak. Dagoeneko agerraldi eskea egin du Lan eta Gizarte Gaietako Batzordean, eta baliteke bere proposamenak urtarrilean azaltzea.
-
ENPLEGU POLITIKAK
55 milioi euro prestakuntza eta enplegurako
Enplegu politika aktiboen berri eman zuen, bestalde, Jose Azkarraga Lan sailburuak Legebiltzarreko agerraldian. Bi izan dira departamentuaren ardatz nagusiak: prestakuntza eta enplegu politikak.
2003an, hain zuzen ere, prestakuntza sustatzeko 1.166 ekintza burutu zituen Lan Sailak. Guztira, 19 milioi euro eman zituen horretarako, eta 40.877 lagunek parte hartu zuten. Prestakuntza ekintza horietan parte hartu eta gero, %58,46k topatu zuten lana, aurreko hiru urteetan baino %3 gehiagok.Enplegu politikak finantzatzeko, bestalde, Azkarragaren sailak 35,8 milioi euro eman zituen. Bederatzi programa ditu martxan departamentuak, eta, orotara, 10.621 lagunek eskuratu zituzten laguntzak. Besteak beste, autokritika egin zuen sailburuak, eta autoenplegurako dekretua aldatu beharko dela aurreratu zuen.