Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak astindu egin du behin-behineko langile publikoen egoera juridikoa. Astearteko prentsa oharrean aurreratu bezala, ebazpenean ez die aldi baterako langile guztiei aitortu finkotasuna: hautaketa prozesu bat gainditu baina lanposturik lortu ez duten eta urte luzez kontratuak kateatzen aritu diren langileei bakarrik.
Azken orduetan jakinarazitako ebazpenak, baina, ñabardura garrantzitsu bat dakar: neurriak langile «laboral» kategoriakoei bakarrik eragingo die. Kategoria horretako 35.000 inguru daude Hego Euskal Herrian, eta epaitegiak zehaztu egin beharko du haietatik zenbat dauden «abusuzko» egoeran, kasuz kasu. Izan ere, finkotasuna edo kalte ordainak eskatu nahi dituztenek auzitara jo beharko dute.
1
Zehazki nori eragiten dio epaiak?
Langile laboralei soilik eragingo die, ez behin-behineko langile publiko guztiei, eta langile laboral horien artean, iraupen luzeko aldi baterako hainbat kontratu kateatu dituztenei, Europako iraupen jakineko lanari buruzko esparru akordioaren 5. klausulak zehaztutakoaren arabera — Espainiako Gobernuaren orain arteko interpretazioaren arabera, hiru urte baino gehiago lanpostu berean aritu izan direnak—.
Langile laboral gehienak tokiko administrazioetan eta autonomia erkidegoetako administrazioetan aritzen dira. Zaila da zehaztea zenbat langile dauden egoera jakin horretan.
Egoera horretan dauden langile gehienak udaletakoak eta administrazio orokorrekoak dira; hezkuntzan eta osasungintzan, batez ere zerbitzu osagarrietan aritzen dira
Gutxi gorabeherako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 185.000 langile publiko inguru daude. Haietatik gehienak funtzio publikoaren araubidearen menpe daude. 58.000 inguru, berriz, langile laboralak dira; haietatik, hamarretik sei behin-behinekoak.
Gehienak udal eta tokiko administrazioetan daude (12.000-14.000 inguru); jarraian, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren administrazio orokorrean (6.000-8.000), foru administrazioetan (5.000), eta enpresa publiko zein erakunde autonomoetan (5.000-6.000).
Hortaz, Gorenaren ebazpenaren aplikaziotik kanpoan geratuko dira behin-behineko langile gehienak, 50.000 inguru.
2
Eta hezkuntzako eta osasungintzako langileak?
Adibidez, horiek. Hezkuntza publikoan irakasle gehienak ez dira laboralak, funtzionarioak edo bitarteko funtzionarioak baizik, batez ere Haur eta Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan. Langile laboral gehiago dago unibertsitateetan —bereziki irakasle eta ikertzaile kontratatuen artean—, baina bereziki hezkuntzako zerbitzu osagarrietan daude, hala nola, jantokietan, garbiketan. hezitzaile eta laguntzaile teknikoen artean eta haur eskoletan. Guztira, 15.000-18.000 inguru dira guztira.
Osasungintza publikoan ere langile gehienak ez dira laboralak, estatutarioak baizik; hau da, osasun zerbitzu publikoetako araubide bereziko langileak. Osakidetzan eta Osasunbidean mediku, erizain eta osasun arloko profesional gehienak estatutario finkoak edo aldi baterakoak dira. Langile laboralak gutxiengo dira, eta batez ere zerbitzu osagarrietan daude, 3.000-5.000 inguru.
3
Ebazpena aplikatzeko auzitara jo behar al da?
Bai. Administrazioarekiko auzien epaitegietara, zehazki, eta kasuz kasu. Gorenaren ebazpena Madrilgo Udaleko behin-behineko langile baten kasuan oinarritu da. Gorenak «finko» izaera aitortu dio, eta ez Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak ezarritako «mugagabe ez-finko» estatusa.
Gorenak «mugagabe ez-finko» kategoriaren alde egin du aurretik ere. Lan arloko auzitegiek sortutako kategoria horrek langile laboralak beren lanpostuan mantentzen ditu lanpostua oposizio bidez bete arte.
Gorenak, orain, finkotasuna aitortzeko irizpide zabalagoa ezarri du. Dena den, ikusteko dago administrazioarekiko auzien jurisdikzioak bere egingo duen irizpide bera ala ez; izan ere, hainbatetan baztertu egin du araubide horretan dauden langileen finkotasuna aitortzea.
Goreneko ebazpenak boto partikular bat du, Rafael Antonio Lopez Parada magistratuarena. Hark finkotasuna egoera gehiagotara zabaltzea eskatu du.
4
Nork eska dezake kalte ordaina?
Lanpostuan finkotasuna lortzeko baldintzak betetzen ez dituzten langileek —hau da, hautaketa prozesuak gainditu ez dituztenek— kalte ordainak eskatu ahal izango dituzte abusuzko behin-behinekotasunak eragindako kalteengatik.
10.000 eurorainoko kalte ordainak eska daitezke. Horretarako, «langileak frogatu egin beharko du pairatutako kalte zehatza»
Baina langile horietaz gain, kaleratu dituzten edo kontratua amaitu zaien behin-behineko langileek ere eskatu ahal izango dituzte kalte ordainak, baita lanean jarraitzen duten eta behin-behinekotasun abusua pairatzen dutenek ere, erretiroa hartu duten edo hartzera doazenek, eta lanpostua borondatez utzi duten edo etorkizunean utziko dutenek ere. «Kalte ordaina independentea da, eta, hala badagokio, kontratua amaitzeagatiko ordainari gehitu behar zaio», zehaztu dute ebazpenean.
5
Zenbat jaso dezakete?
Magistratuek irizpideak ezarri dituzte kalte ordain horiek zenbatzeko. «Kaltearen osoko konpentsazioa eta proportzionaltasun printzipioa» bermatu behar dituela diote, ezin dela «kalte ordain sinboliko hutsa» izan. Eta horretan kontuan hartu behar direla «langileak egindako eginkizunen izaera, kontratuen kopurua eta iraupen metatua, eta ziurgabetasun egoerak eragindako kalte material eta morala», besteak beste.
Zenbatekoa zehazteko jarraitu beharreko irizpideak ere ezarri ditu; izan ere, dioenez, «kopurua epaile bakoitzaren esku uzten denean, alde handiak egon daitezke». Hala, zehaztu du Lan Arloko Arau-hauste eta Zigorren Legea (LISOS) hartu behar dela erreferentziatzat. Horren arabera, 10.000 eurorainoko kalte ordainak eska daitezke. Horretarako, «langileak frogatu egin beharko du pairatutako kalte zehatza».