ELA, LAB, Eilas, EHNE eta Hiruk osatutako gehiengo sindikalak larunbatean 12:00etan Sestaotik Barakaldora egingo den manifestazioarekin bat egin dute. Azken boladan Ezkerraldea ematen ari den desindustrializazio prozesua salatzeko deitu dute mobilizazioa bailarako hainbat eragile sozialek, eta sindikatuek eurekin bat egin dute. Ezkerraldeako hainbat enpresa gainbeheran doaz, “entzute handiko enpresak ixten ari dira, eta geratzen den industria sarea oso ahul dago”, Iñaki San Andres ELAko kidearen hitzetan.
Entzutetsuak izan dira azken denboraldian ABB edo Navalen aurkeztu diren lan erregulazio espedienteak, baina Aldaiturriaga, Nervacero, Fersint, Choymo, Conforama, Ikea, Jokalde, Befesa edo beste hainbat enpresetan ere lanpostuak zintzilik daudela salatu dute. Eskualdeko egoera hau eztabaida politikoaren “erdian” jarri behar dela azpimarratu dute sindikatuetako ordezkariek.
ABBko langileak protestan, Full Monty-rena egiten
Trapagarango (Bizkaia) ABB enpresako langileek arropak erantzi eta Full Monty filma gogoratuz enpresak aurkeztu duen erregulazio espedientea salatu dute bideo batean. Hamar langiletik zazpiri eragingo die neurriak, nahiz eta, bideoan agertzen dutenez, azken hiru urteetan 30 milioi euroko irabaziak izan dituen.
"Ez dugu ulertzen 30 milioi euro irabazi dituen enpresa batek produkzio linea oso bat kalean uztea", salatu du langile batzordeko kide batek. Mundu osoan 110.000 langile ditu ABBk, eta Trapagarango Galindo auzoko lantegian 160 kaleratzen izango dira. 80 urte ditu enpresak eta langileek salatu dute Turkiara eraman nahi dutela lana.
Bideoan barruan zuten ezinegona atera nahi izan dutela argitu dute langileek, eta enpresak mundura etorri ziren moduan utzi nahi dituela salatu dute: "biluzik". Bideoa langileetako batek egin du, Karlos izenekoa, ABBko langilea eta bideozalea. Laguntza jaso dutela ere aitortu dute, bideoa egiteko, ez bestela.