ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek salatu dute Espainiako Gobernuak ezartzen duen lanbide arteko gutxieneko soldatak ez diela erantzuten Hego Euskal Herriko langileen beharrei, eta dei egin dute gutxieneko soldata propioa eskatzeko martxoaren 17rako deitutako greba orokorra babestera. «Ezinbestekoa da langile klase osoaren inplikazioa».
Duela astebete, Madrilek %3,1eko igoera proposatu zuen 2026rako. Horrek parlamentuaren babesa jasoko balu, gutxieneko soldata 1.221 euroraino igoko luke Espainian eta Hego Euskal Herrian. Sindikatu horien arabera, kopuru hori inondik ere ez da «bizi baldintza duinak» bermatzeko gutxienekoa, are gutxiago azken urteetan etxebizitza eta elikagaiak zenbat garestitu diren kontuan hartuta. Hego Euskal Herrian 1.500 eurokoa izan beharko lukeela uste dute. Sindikatuek salatu dute gutxieneko soldata Madrilek ezarriko duela berriro ere, «Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren konplizitatearekin».
Nabarmendu dutenez, gutxieneko soldata funtsezko tresna da «gizarte kohesiorako eta lan baldintza prekarioak dituzten milaka langile pobreziatik ateratzeko». Haien kalkuluen arabera, Hego Euskal Herrian 300.000 langilek baino gehiagok jasotzen dute  1.500 euro baino gutxiago hilean, eta haietatik erdiek baino gehiagok jardunaldi osoan lan egiten dute. Horrekin batera, gogoratu dute gutxieneko soldataren igoerak soldaten gorakada orokorra ekarriko lukeela, eta eragin zabalagoa izango lukeela lan merkatuan.
Azken hilabeteetan, sindikatu horiek bi bide jorratu dituzte gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian bertan erabaki ahal izateko. Batetik, herri ekinaldi legegile bat aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean, eta beste bat Nafarroako Parlamentuan, ia 140.000 sinadura bilduta, baina bi ganberek ez dute tramiterako onartu, «eztabaidatzeko aukera bera ere ukatuz». Egitasmo horren helburua zen gutxieneko soldata ezartzeko eskumena Madrildik Hego Euskal Herriko erakundeetara ekartzea, baina, bi gobernuetako alderdien ustez, ez dute hori eskatzeko lege babesik. Bestetik, sindikatuek lanbide arteko akordio bat proposatu diete patronalei, baina haiek ez dute negoziatu nahi izan, Jaurlaritzak bide hori babestu zuen arren. Horiek horrela, grebara jotzea erabaki dute sindikatuek.