Lopez lehendakariak hori pentsatuko zuen Ibarretxeren esanez. Baina jaurlaritzetan ez bezala, burtsen kasuan, mugitzen ez direnean ere nekez esan liteke geldirik daudenik. Zabalik egonda bederen, salerosketak aurreko prezio berean egin arren eta, hortaz, kotizazioak mugitu ez, zerbait gertatzen ari da. Atzo mugimendua beheranzkoa izan zen, gorri. Eta azaroko azken egunak, Dubaiko kezkak gorabehera, 1.931 milioiren salerosketa eraman zuen. Santanderrek (-%1,47) eta BBVAk (-%1,22) behera egin zuten, Edurnezurik (-%0,98) bezalaxe; baina Sacyrren (-%3,06) mugimendu gorrira iritsi gabe. Urtea amaitzea dute buruan txerritxo ehiztariek eta, bai datu makroekonomikoetan, bai mozkin berrietan, urtarrilan oparoagoa izan behar luke abenduak baino. Azaroan %2,01 irabazi du Ibex-35 (-%1,12) indizeak, baina martxotik hona zituen igoera ideiak agortu zaizkio, bistan denez. Dolar t'erdian da berriz euroa; normaltasun berri bat bizi dugu.
Burtsak kapitala lortzek bide izan behar du enpresentzat. Imaginarium jostailu saltzaileak hala ikusi du, eta uste baino merkeago izan arren, gaur salerosiko da lehen aldiz bere akzioa SIBEn. Akzioko 4,31ko prezioan, kapitalaren %16 burtsaratuko da.
Gure burtsan salerosten diren bi banku handienak, Santander eta BBVA, sistema osoari kaltea eragiteko bezain handiak direnen 30eko zerrendan agertu dira. G20koak egiten ari den analisi horietan, kasu, Societe Generale eta BNP Paribas ere badaude.
Geldirik ez behintzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu