Kataluniak ez du zorrak pagatzeko baliabiderik. 13.477 milioi euroren ordainketak egiteko betebeharra du aurten. Baina bere kabuz ezingo duela onartu zuen atzo Artur Mas Generalitateko presidenteak. Laguntza eskatu zion Espainiako Gobernuari. «Berdin zaigu nola egiten duen, baina hilero ditugu ordainketak. Ez dago ekonomia onbidean jartzerik fakturak pagatu gabe».
Masen hitzek alarma guztiak piztu zituzten, etxean zein nazioartean. Generalitatea saiatu zen presidentearen hitzei garrantzia kentzen. Prentsa ohar bat ere kaleratu zuen zehaztuz Katalunia ez dagoela ordainketak eteteko puntuan. Baina alferrik, ordurako nazioarteko hedabideek jasoa baitzuten berria. Arratsalde partean, honela zioen The Telegraph hedabide britainiarraren webguneko albiste nagusiak: «Europako burtsek hondoa jo dute, eta Espainiaren zorraren kostua izugarri hazi da, herrialdeko erkidegorik aberatsenak, Kataluniak, erreskate plan bat exijitu diolako gobernu zentralari». L'Echos eta Le Figaro hedabide frantziarrek ere albiste nagusi izaera eman zieten Masen hitzei. Espainiako erkidegorik aberatsenak gobernuari hispabonuak jaulkitzeko eskatu diola zioten.
Kataluniak 13.477 milioi euroren zorra pagatu behar du aurten: %56 maileguei dagokie eta %44 zor bonuei. Eta Masen esanetan, erabiltzeko moduko finantzabiderik gabe gelditzen ari da bere gobernua. Azken bi urteotan, zor bonu katalanak jaulki izan ditu, %4,5 eta %5 arteko interesarekin. Baina bide hori amaitu egin dela dio, katalanek bonu horietan inbertitu dutelako beren aurrezkien laurdena eta ez daukatelako gehiagorako gaitasunik.
Beste aukera finantza erakundeetara jotzea litzateke, epe motzerako kreditu bila. Baina finantza sistema dagoen bezala egonda, badaki ezingo lukeela negozio onik egin. Valentziak, esaterako, %7ko interesa pagatu behar izan du orain gutxi sei hilabeterako kreditu baten truke.
Eurobonuak, espainiar erara
Horregatik, aukerarik onena hispabonuena dela uste du. Autonomia erkidego guztien arteko zor jaulkipen bateratuak egitea, estatuaren bermearekin. Europan eurobonuak liratekeena, baina espainiar erara. «Ez du zentzurik Europan zorra mutualizatu eta eurobonuak sortzeko eskatzeak, eta Espainian autonomia erkidegoen zorra mutualizatu eta hispabonuak sortzeari ezetz esateak». Horregatik, Generalitateko presidenteak urrats hori lehenbailehen egiteko eskatu zion Espainiako Gobernuari.
Ez da hispabonuez hitz egin duen aurrena. Duela pare bat hilabete, Luis de Guindos Ekonomia ministroak berak atera zuen gaia mahai gainera, estatuaren bermedun tituluak izaki, autonomia erkidegoei baldintza hobeetan finantzatzeko aukera emango liekeelako. Baina Reuters berri agentziaren arabera, De Guindos eta Cristobal Montoro Ogasun ministroa ez dira ados jartzen mekanismo hori abian jartzeko moduan.
Josep Antoni Duran i Lleida CiUk Espainiako Kongresuan duen bozeramailea ere eskaera berarekin joan zitzaion Mariano Raxoi Espainiako presidenteari, atzo arratsalderako jarrita zuten hitzordura. Bi orduko bileraren ostean, Raxoik defizit helburua betetzen duten erkidegoei zama arintzeko mekanismo bat sortzea agindu ziola kontatu zuen Duran i Lleidak, xehetasun gehiagotan sartu gabe.
Generalitateak zorrak pagatzeko laguntza eskatu dio Espainiari
Kataluniak 13.000 milioiren ordainketak egin behar ditu aurten, baina ez du modurik. Hispabonuak sortzea galdegin dio RaxoiriErkidegoei zama arintzeko tresna bat agindu du Espainiako presidenteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu