Bakarrizketa

Genozidek ere behar dituzte bankuak

Omar Hassan al-Baxir Sudango presidente ohia Khartumgo kartzelan, 2019an. AMEL PAIN / EFE
Omar Hassan al-Baxir Sudango presidente ohia Khartumgo kartzelan, 2019an. AMEL PAIN / EFE
Irune Lasa.
2025eko urriaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantziako banku handienaren akzioak jaisten ari dira. Krisi politikoaren eragina?

Ez, BNP Paribasen akzioen erorikoa epai baten ondorioa da. Astea %7,15en balio galerarekin amaitu du bankuak. Dena den, galera horrek, beste ezer baino gehiago, epaiak etorkizunean izan ditzakeen ondorioez dagoen kezka erakusten du.  

Zer epai izan da? 

New Yorkeko auzitegi batek ebatzi du BNP Paribasek kalte ordainetan 21 milioi dolar ordaindu behar dizkiela AEBetan bizi diren hiru errefuxiatu sudandarri, bankuak ere nolabaiteko erantzukizuna izan zuelako Al-Baxirren diktadurapean Sudanen —batez ere Darfurren— gertatutako genozidioan. Orain auzibide gehiago zabaldu daitezkeela uste da, eta bankuari kalte ordain gehiago etor dakizkioke. 

Eta zer gertatu zen Sudanen?

Omar Hassan al-Baxir 30 urtez izan zen Sudango presidente, 2019an estatu kolpe batek boteretik bota zuen arte. Bitarte horretan hainbat gerra zibil izan ziren herrialdean, milioika errefuxiatu eta hildako. Zehazki, 1990eko urteen amaieran eta 2000ko urteetan, Al-Baxirren erregimenak eta hura sostengatzen zuten talde paramilitarrek izugarrikeriak egin zituzten. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 2002 eta 2008 bitartean 400.000 heriotza gertatu ziren Sudanen, eta 2,5 milioi desplazamendu. jatorri arabiarrekoak ez ziren herritar beltzen alde altxatutako taldeak ziren Al-Baxirren kanpainaren jomuga, baina zibilen kontra egin zuen. Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegiak gerra krimenak, hilketak, torturak eta genozidioa leporatu zizkion. 

BNP Paribasek zerikusia izan zuen horretan?

Hori dio epaiak. Urte haietan, AEBen zigorpean zegoen Sudan, baina bankuak jarraitu zuen Al-Baxirri bere zerbitzu finantzarioak eskaintzen, finantza merkatuetarako sarbidea eman zion, eta petrolioaren truke dolarrak lortzea erraztu.

Eta zer dio bankuak?

Ez ziola dirurik eman erregimenari, soilik ohiko banku zerbitzuak eskaini zizkiola. Abokatuek azaldu zuten gatazkak hor jarraitu zuela bankuak herrialdea utzi zuenean ere. Eta han aritu zen bitartean egindako transakzioak legezkoak zirela Europako eta Suitzako araudiaren arabera. Bankuaren abokatuaren ustetan, BNP Paribasek ez zuen zerikusirik izan epaiketako hiru salatzaileek jasandako torturetan.

Zuzenean ez zuen zerikusirik izango, baina, seguru asko, BNP Paribasek dirua irabaziko zuen Al-Baxirrekin.

Genozidek dirua behar izaten dute, eta diruak bankuak behar izaten ditu. Eta, esan gabe doa, beste batzuetan bankuek oro har ez dutela erreparo handirik erakusten halako edo besteko bezeroari zerbitzua eman ala ez erabakitzen. Dirudienez, erabaki horietako bat ordaindu egin beharko du orain BNP Paribasek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.