Nando Anguiano. Laminaciones Arreguiko batzordeko presidentea

«Geure lan gatazka amaitzeko moduak eragina izango du beste enpresetan»

Laminaciones Arreguiko 358 langile kaleratzea eragotzi dute epaileek; ez zutela hain epaia zorrotza espero onartu du Anguianok, «baina argi genuen geure eskubideak urratu zirela».

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2012ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Celsa Atlantic konpainiako zuzendaritzak ez du lortu epaileen babesa Laminaciones Arregui Arabako enpresa ixteko. Epaiak itxaropena itzuli die langileei; langile batzordeko presidentearen hitzak dira horren lekuko.

Araban lan gatazka luzeak izan dira. Denok dugu gogoan Caballitoko langileen lanuztea. Inoiz pentsatu zenuten zuen auzia hainbeste luzatuko zenik?

Ez gara Caballito izango, gatazka honek amaiera jarria zuelako. Abenduaren 31n bi lantegiak itxi nahi ditu enpresak, eta ordurako zirt edo zart egin behar zuen. Jende guztiak nabarmentzen du Caballito, baina nik Ariznabarra zahar etxeko emakumeen borroka gogoratzen dut. Haien eskubideen alde borroka luzea egin zuten eta azkenean lortu zuten emaitza aintzat hartu behar da.

Celsako zuzendaritzak 90 kaleratze eskatu zituen hasieran, baina bi lantegi itxi eta 358 lagun kalean utzi nahi zituen gero. Nola arrazoitu zizuen aldaketa?

Ez zigun inolako azalpenik eman. Soldatak eta baldintza sozialak murriztea nahi zuen. Guk langileei galdetu genien, eta greba egitea erabaki genuen. Lanuztea maiatzaren 8an hasi genuen, eta hurrengo egunean langile guztiak botatzeko dosierrari buruz kontsulta epea hasteko deitu zigun enpresak, ohar baten bidez. Ez zigun ezta aurrez aurre esan ere.

Lan erreforma baliatzeko lehen ahalegin esanguratsua da zuena, enpresaren tamaina eta garrantzia ikusita. Erreforma hori probatzeko bitarteko bihurtu zarete?

Hasieratik. Erreforma atera eta berehala testuarekin eskuetan etorri zitzaizkigun. Enpresaburuek beti diote ez dutela baliatuko, baina gezur hutsa da, erabili nahi dituzten artikulu guztiak erreformaren ondorio dira.

Sindikatuentzat eta patronalentzat erabakigarria izan liteke.

Araban eta Euskal Herrian geure kasua erreferente bihurtuko zela bagenekien. Geure lan gatazka amaitzeko moduak beste enpresetan eragina izango du.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak harridura sortu du, oso ebazpen gogorra delako. Espero zenuten hain argia izatea?

Horren argia, agian, ez, baina hasieratik argi genuen geure eskubideak urratzen zirela. Erreforma berriarekin lehen epaietako bat izan denez, ez zegoen aldez aurretik norekin alderatu. Argi geratu da geure aldarrikapenak ez zirela asmakizun hutsa; grebarako eta askatasun sindikalerako eskubideak ez ziren errespetatzen.

Epaiak arrazoi osoa ematen dizue.

Arazoa gizarteratzeko lan handia egin dugu. Jendeak ulertzen du zein den gatazka, nahiz eta hasiera batean pixka bat erotuta geundela pentsatu. Tristea da epaile batek geuri arrazoia eman behar izatea, eta jendeak ez ikustea begi bistakoa zena: xantaia hutsa zela.

Epaiketan fiskalak ez zien inolako eragozpenik jarri enpresaren asmoei. Zer iruditu zitzaizun?

Oso tristea. Oso ongi prestatu genuen auzia, batzordekook eta abokatuek ordu asko sartu ditugu. Bistan da kaleratutako langile ia guztiak sindikatu jakin batzuetakoak direla. Fiskalak azaletik begiratu zuen, eta sakonago aztertu behar zuen, langile batzuen eskubideak zapaldu nahi zituztela ikusi behar zuen.

Enpresak kaleratu guztiak berriro laneratu beharko lituzke helegiteari buruz erabakia hartu baino lehen?

Ez dago behartuta. Gobernuak dekretua onartu zuenean erabaki zuen epaia irmoa izan arte ez zela laneratu behar. Ondoren, Kongresuko tramitean, hori aldatu zen, baina geure kasua erdibidean gertatu zenez, ez dagokigu.

Behartuta ez badago ere, urrats hori egiteak gatazka leunduko luke?

Sindikatuok hurbiltzeko saio asko egin ditugu. Berriro lanean hasiko bagina, lehen baino okerrago hasiko ginateke. Esaterako, prest egon gara soldatei igoerarik gabe eusteko. Epaiarekin ez da geure ildoa aldatuko. Zuzendaritzak fede ona erakutsiko luke, enpresara itzuli nahi ez duten langileentzat edo lana utzi nahi dutenentzat borondatezko epe bat irekiko balu.

Bideragarria da Laminaciones Arregui?

Bai bada, eta bideragarria dela epaileek ere esan dute. Arreguik lan prozesu osoa kontrolatzen du, eta hasieratik amaierara bere gastu bakarra eskulana eta argindarra dira. Produktiboa izan behar du ezinbestean, antzekoak diren beste enpresa batzuk askoz lehenago itxiko zutelako bestela.

Epaia jakin bezain pronto negoziazio serioak abiatzeko eskatu zenioten enpresari. Eskaerari erantzun dio enpresak?

Ez dute erantzun; ez digute ezer esan. Epaiak mugarria izan beharko luke langileentzat eta zuzendaritzarentzat. Jarrera apaldu, eta oso gaizki egin dutela aitortu beharko lukete. Eskubidea dute hala ez egiteko, baina guk ere eskubide osoa dugu protestarekin jarraitzeko.

Negoziazioak zer hartu beharko luke kontuan egoera bideratzeko?

Dena borondatezkoa eta diruz lagunduta izan behar du, kaleratze traumatikorik gabe. Pentsa, 178 langile bota dituzte hogei eguneko ordainarekin. Hasieran horien erdiak bota nahi zituen. Haiei 40 eguneko kalte-ordaina eskainiz gero, jendea joan egingo zen; ez zuten arazorik izango boluntarioak lortzeko. Soldatei dagokienez, gaur egun jasotzen duguna ere eskasa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.