Apirilaren 12an hasiko da errenta zergaren kanpaina Gipuzkoan, eta ekainaren 30ean bukatuko da. Hala ere, Ogasuna bihar bertan hasiko da 226.000 zergapekori beren aitorpen proposamenak bidaltzen. Egun batzuk izango dituzte erantzuteko.
Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun diputatuak eta Irune Iarza zuzendariak 2020. urteko errenta kanpaina aurkeztu dute gaur goizean. Azaldu dutenez, iazkoa inoizko kanpainarik telematikoena izan zen, eta aurten digitalizazioaren aldeko bultzada horri heldu nahi dio Gipuzkoako Aldundiak. Horretarako, Zergabidea plataforma eratu du; horren bitartez, zergadunek lainoaren bitartez aurkeztu ditzakete beraien aitorpenak, simulazioak egin, datuak kontsultatu, aitorpenak moldatu eta aldatu… «Seguruenik, gaur-gaurkoz Ogasunak duen tresnarik ahaltsuena da Zergabidea, eta herritarren eskura dagoena, gainera. Argi dago etorkizuna dela», esan du Peronak.
Horrela, autolikidazio proposamenak bihartik aurrera egongo dira sarean kontsultagarri, eta bihar bertan hasiko da haien posta bidezko bidalketa baita ere. Apirilaren 12an hasiko da kanpaina bera, orduan irekitzen baita proposamenak onartzeko epea. Apirilaren 15ean, berriz, Zergabidearen bitartez online egiten den modalitatea hasiko da, eta egun bat beranduago bulegoetan hitzordua hartu ahalko da. Bulegoak apirilaren 19an irekiko dituzte ateak, eta ekainaren 30ean amaituko da kanpaina.
Pandemiak baldintzatutakoa
Peronak onartu du balitekeela ezohiko errenta kanpaina izatea. Gogoratu duenez, kanpainak pandemiaren urtea zergapetzen du, 2020a. «Pandemiak nabarmen eragin zion jarduera ekonomikoari, eta laguntza ezberdinak jarri ziren martxan eta neurri ezberdinak jarri genituen martxan fiskalitatearen arlotik. Honek, argi dago, nabarmen eragingo dio kanpainaren nondik norakoei. Hala ere, eta iragan den urtean egin genuen kanpainarekin alderatuta, esan dezakegu egoera epidemiologikoa gaur-gaurkoz hobea dela, eta horri esker “normaltasunaren” barruan egingo dugula lan».
Zenbat diru mugituko den kalkulatu du Gipuzkoako Ogasunak: 292,1 milioi euro itzuliko ditu eta 273,2 milioi euro jasoko. «Kanpainaren saldoa 18,9 milioi euro negatiboa da, pasa den urtekoa baino 39 milioi euro txarragoa, batez ere pandemiaren eraginez», azaldu du diputatuak.
Zergabidea, «tresnarik ahaltsuena»
Diputatuak azaldu duenez, pasa den urtean, kanpainaren lehen asteetan online egin zen kanpaina, ezinezkoa baitzen aurrez aurreko arreta ematea, eta erronka orain bide telematikoek orduan jaso zuten bultzadari jarraipena ematea dela. Aitorpen gehienak Internet bidez egingo direla iragarri du, Zergabideari esker. «Seguruenik Ogasunak gaur-gaurkoz duen tresnarik ahaltsuena da. Plataforma bakarra da, irisgarria, malgua eta erabiltzeko erraza; hau da, edozein tokitatik konektatu zaitezke, bankura edo posta elektronikora sartzen zaren bezalaxe. Estatuan, informazio guztia lainoan duen lehenengo zerga administrazioa gara, eta gaur-gaurkoz bakarra».
Zergabidearen bitartez etxean jaso den proposamena onar daiteke, autolikidazio proposamena aldatu eta bertatik aurkeztu, Ogasunak zergadunari buruz duen zerga informazio deskargatu, aurreko urteetako aitorpenak kontsultatu (edozein izanda ere aurkezpen modalitatea), ordainketa moduak aukeratu, autolikidazio osagarriak aurkeztu, simulazioak egin... «Aukerak oso-oso zabalak dira», azpimarratu du Peronak.
Aurrez aurre ere bai
Edonola ere, Gipuzkoako Aldundiak emango du aitorpena aurrez aurre egiteko aukera. «Oraindik badaude zenbait kolektibo zerbitzu hau ezinbestekotzat dutenak; hau da, digitalizazioa bai, baina inor atzean utzi gabe». Guztira, lurraldeko bederatzi hiri eta herritan jarritako 11 bulego egongo dira irekita, eta 120 langile arituko dira lan arreta presentzialean. «Herritarrek asko baloratzen duten zerbitzua da, 10etik 9ko balorazio eskuratu ohi du asebetetze inkestetan. Kalitatezko zerbitzua da, pertsonal propioarekin ematen duguna, eta berme guztiak eskaintzen dituena».
Bide batez, foru diputatuak agerraldia aprobetxatu eta herritarrei dei egin die kanpaina honetan aitorpena euskaraz aurkeztera. «Zerga administrazioa prest dago, Internet zein telefono bidezko arreta prest dago euskaraz zerbitzua emateko. Beraz, animatzen zaituztegu pausua ematera: euskara aukeratu, eta zerbitzu bikaina hartzera», adierazi du Peronak. Gaineratu duenez, Ogasunaren helburua da 2023 urterako 100.000 zergadun izatea Gipuzkoako zerga administrazioarekin euskaraz aritzen direnak.
Araudian zenbait aldaketa izan direla gogorarazi du Iarzak, COVID-19ari lotutakoak. Horien artean daude aitorpena egiteko muga 12.000 eurotatik 14.000ra igo dela, eta krisiari lotutako EAEko administrazioek eman dituzten laguntzak salbuetsita daudela zerga ordaintzeaz.
Bizkaian, Internet bidez nagusiki
Bizkaiak ere Internet bidezko aitorpenen aldeko apustua egin du. Zordun guztiei bidaliko die postaz errenta aitorpenaren proposamena, eta kanpainaren hasiera hilabete aurreratu du. Prozesua telefonoz eta Internetez egin ahal izango da, eta «zailtasun handiak» dituztenak aurrez aurre artatuko ditu.