Batez beste 1.098 euro itzuliko dizkie Gipuzkoako Ogasunak kitapena itzultzeko ateratzen zaien 290.000 zergadunei, apirilaren 15etik ekainaren 25era iraungo duen errenta zergaren kanpainan. Lau zergadunetatik hiruri itzultzekoa aterako zaie 2014ko PFEZ. 90.000 zergadunek, aldiz, ordaindu egin beharko dute. Kanpainak jasoko dituen 380.000 aitorpenek 163 milioi euroko saldo negatiboa izango dute Ogasunarentzat, 318,5 milioi itzuli (aurreko urtean baino 13,5 gehiago) eta 155 milioi jasoko baititu orotara (iaz baino zazpi gehiago). Saldo negatiboa sei milioi haziko da iaztik hona.
Xabier Olano Ogasuneko zuzendariak atzo aurkeztutako errenta kanpainaren barruan, gaur bertan jarriko dituzte ikusgai Interneten Ogasunak egindako autolikidazio proposamenak; zergadunak proposamena egin dioten ala ez ikusi ahal izango du. 238.811 autolikidazio prestatu dituzte orotara, 174.097 itzultzekoak eta 64.714 ordaintzekoak. Iaz baino 1.863 proposamen gehiago landu dituzte, eta horiek denek 290.550 zergaduni eragingo die, aitorpen guztien %62,8ri.
Apirilaren 7tik aurrera hasiko dira etxean jasotzen proposamen horiek. Isidro Esnaola zerga heziketako zuzendariaren arabera, mugara iritsi dira autolikidazioen kopuruan. Aurtengo berrikuntza da proposamen horiek dauden moduan edo aldaketak sartuta onartu ahal izango direla apirilaren 13tik aurrera. Zergadunak telefonoz gaineratu ahal izango ditu lau aldaketa mota bere aldeko etekinak lortzeko: etxebizitza errentan emateagatik, ohiko etxebizitza errentan hartzeagatik, dohaintzengatik eta kuota sindikalengatik. Aldaketa onartu den ziurtagiria jasoko du zergadunak gero, egun gutxian.
Fortuna handien zerga
215.000 kitapen proposamenen bidez egingo direla uste du Ogasunak, 75.000 mekanizatuaren bidez (ezingo da txanda eskatu apirilaren 16a baino lehen, 902 10-00-40), eta 84.000 Internet bidez (www.gipuzkoa.eus/ogasuna/renta).
Aberastasunaren eta Fortuna Handien Zergari dagokionez, kitatzeko modu bakarra egongo da: Internet bidez. Ogasunak 8.000 aitorpen espero ditu zerga hau pagatuko den bigarren urtean, aurrekoan baino 150 bat gehiago. Zergadunek batez beste 7.375 euro pagatuko dituzte, eta denera 59 milioi biltzea espero du Ogasuneko zuzendari Xabier Olanok, iaz baino bi milioi gehiago. Olanok argitu zuen «aurki» utziko duela Ogasunean duen kargua, eta «buru-belarri» sartuko dela hauteskunde kanpainan, EH Bildu koalizioak diputaziora aurkeztutako hautagai nagusi gisa.
Nafarroan ere prest dira
Nafarroan ere errenta zergaren kanpaina plazaratu zuten atzo. Ogasuneko kontseilari Lourdes Goikoetxeak jakinarazi zuenez, 450.000 zergapekok daukate derrigortasuna PFEZ eta Ondare zerga kitatzeko. Ogasunak 178.000 autolikidazio proposamen prestatu ditu (aurreko urtean baino 3.300 gutxiago), 222.270 zergaduni eragiten dienak. Hirutik bik dirua jasoko dute, eta orotara 69 milioi euro itzuliko ditu Ogasun nafarrak aldez aurretik egindako proposamen horien bidez. Apirilaren 8an abiatuko da errentaren kanpaina eta ekainaren 23an bukatu. Onartzen diren proposamenak apirilaren 16tik aurrera pagatzen hasiko dira.
Nafarroan ez dago autolikidazioa aldatzeko aukera aitorpen berria aurkeztu gabe. Internet bidez egin ahal izango da aitorpen hori —proposamenak jaso ez dituztenek bezala— apirilaren 8tik aurrera Internet bidez, eta apirilaren 16tik aurrera Ogasunaren bulegoetan eta finantza erakundeetan. Hitzordua eskatzeko apirilaren 14tik aurrera deitu ahal izango da (948-50 55 05/6 eta www.navarra.es) .
Araba eta Bizkaia
Arabako Ogasunak, berriz, 120.000 errenta aitorpen bidaliko ditu zergapekoen etxera. Lehenengoak joan den astean iritsi ziren eta Ogasunaren kalkuluari dagoeneko baiezkoa eman diotenak gaurtik aurrera hasiko dira dirua berreskuratzen. Aldundiak agindu du autolikidazioa onartzen duten guztiek 48 orduan jasoko dutela beren dirua. Guztira 175.000 errenta aitorpen egingo dira Araban.
Gipuzkoak 318,5 milioi itzuliko ditu errenta zergan, eta 155 milioi bilduko
Nafarroan, apirilaren 16an hasiko zaie pagatzen autolikidazioan itzultzeko atera zaien zergadunei

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu