Gipuzkoak 84,5 milioi gutxiago bildu ditu zergetan

Montorok zigor penalak ezarri nahi dizkie aurrekontuak betetzen ez dituzten «kudeatzaile publikoei»

Iker Aranburu.
Donostia
2012ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Zerga bilketak huts egin du 2011n. Gipuzkoako Aldundiak atzo aurreratutako datuen arabera, 3.596,7 milioi bildu zituen iaz zerga itunduetan. Aurreko urtean baino 84,5 milioi gutxiago dira (-%2,3). Aldea askoz handiagoa da 2010eko urrian egindako aurreikuspenarekin alderatuz gero: 3.940 milioi biltzea espero zuten eta hori baino 344 milioi gutxiago izan dira (-%8,7). Azken datu horiexekin prestatu ohi dira aurrekontuak, eta horrek eragin ditu azken hilabeteotan gastuak murrizteko erabakiak.

Bizkaian zertxobait hobeto portatu da bilketa, asteartean aurreratu baitzuen %0,8 gutxiago bildu duela. Arabak eta Nafarroak hurrengo egunotan zabalduko dituzte beren datuak, baina urtea nola joan den ikusita, ez da datu onik espero. Gutxiago bildu izanak gastua gehiago murriztera behartuko ditu erakundeak, eta batez ere Eusko Jaurlaritza, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioek bildutako diruaren %70 haren kutxetara joaten baita.

Gipuzkoako Aldundiak atzo arratsean zabaldutako agirian ikusten denez, oso portaera desberdina izan dute zerga zuzenek eta zeharkakoek. Lehengoak %6 igo dira, errenta zergari esker batik bat (+%7,7), sozietate zerga iaz ere jaitsi egin zelako (-%4,2). Baina zeharkako zergak, kontsumoa zamatzen dutenak, %10,6 amildu dira, hala egin duelako kontsumoak ere.

Aldundiak beste faktore bat ere nabarmendu du: Rover auzia. Espainiako Auzitegi Gorenaren epai batek Rover autogileak pagatutako BEZ zerga Estatuari zegokiola erabaki zuen eta, ondorioz, aldundiek patrikaratutako dirua itzuli behar izan dute. Gipuzkoaren kasuan, 47,8 milioi bueltatu dizkio Madrili. Eragina bikoitza izan da, 2010ean kontzeptu horregatik bildutako 97,8 milioiek konparaketa guztiak hankaz gora jarri baitituzte.

Baina Gipuzkoak eta beste aldundiek ere badute beste arazo bat Espainiarekin: kupoa kalkulatzerakoan —Estatuari pagatu behar diotena—, aldundiek uste dute BEZaren doikuntzengatik Madrilek dirua zor diela. 45,6 milioi, Gipuzkoaren kasuan. Bizkaiko Aldundiak, berriz, kalkulatu du 69 milioi zor dizkiola Estatuak, eta diru horrekin pareko emaitzak izango dituela ziurtatu du. Edonola ere, Bizkaiko Bilduk gogorarazi dio Aldundiari 2010eko urrian aurreikusitakoa baina ia 600 milioi gutxiago jaso dituela. «Beraz, balorazioak ezin du izan EAJk egin duena bezain ederra».

Montororen mehatxua

Espainiako Gobernua, bere aldetik, autonomia erkidegoak estu hartzeko neurri gehiago iragartzen ari da. Defizit helburua betetzen ez duten erkidegoen eta udal handien kontuetan esku hartuko duela jakinarazi eta biharamonean, Cristobal Montoro Ogasun ministroak esan du aurrekontuak betetzen ez dituzten «kudeatzaile publikoek» erantzukizun penala izango dutela. Politikoei buruz edo haiek izendatutakoei buruz ari zela argitu du Montorok. Haren esanetan, kudeatzaile pribatuek zigor penalei egin behar diete beren enpresetako kontuak faltsutzen badituzte, eta kudeatzaile publikoek ere delitu egingo lukete «aurrekontuetako mugak gaindituko balituzte».

Ogasun ministroaren oharrari zuhur erantzun dio Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak: «Hainbeste adierazpen entzun ditugu nahiago dudala arauetan nola zehazten diren ikustea balorazioa egin aurretik». Hori bai, Barcinak ukatu egin du Estatuak Nafarroaren kontuak bere gain hartzeko gaitasuna duela. «Gure Foruagatik ezin gaituzte esku-hartu, baina logikoki, egonkortasun legeak ezartzen dituen baldintzak beteko ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.