Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren irailean aurkeztuko du jabetzaren gaineko zerga berria. Horren bidez, aberats handiak zergapetu nahi ditu, «zergadunek beren benetako aberastasunaren arabera paga ditzaten zergak», Helena Franco Ogasun diputatuak azaldu duenez.
Gehiago daukatenei gehiago eskatzeko politika aldarrikatu du Gipuzkoako Aldundiak. Ildo horretatik urrats bat egin du aurten, Ondarearen gaineko Zerga berreskuratuta. Gainera, zerga horrek uste baino emaitza hobea eman die: 29 milioi euro biltzea espero zuten, eta azkenean 35,5 milioi eskuratu dituzte, atzo Francok emandako datuen arabera. Ogasun diputatuak ziurtatu du Gipuzkoak «lidergoa» erakutsi duela arlo horretan, bere kasara erabaki zuelako zerga hori berreskuratzea —2008an kendu zuen aurreko gobernuak—, eta haren atzetik «Araba eta Bizkaia ere bultzatu» dituelako berdin egitera. «Oso neurri egokia izan da, zalantzarik gabe. Horri esker, egoera zail honetan baliabide kopurua igo ahal izan da. Eta, gainera, ahalegin gehigarri hori benetan hori egiteko baldintzetan dauden pertsonen gain ezarri da». 2011ko errenta aitorpenen kanpaina «arrakastatsua» izan dela aldarrikatu du Xabier Olano Ogasuneko zuzendariak. Izan ere, espero baino emaitza hobeak lortu ditu Aldundiak. Zergadunei 351 milioi euro itzultzea espero zuen, eta, azkenean, ez dira 342 milioira euro; eta ordaintzea zegoekienek 131 milioi jartzea espero zuten, eta 133 milioi pagatu dituzte. Guztira, uste baino 11 milioi gehiagorekin geratu da.
«Beren betebeharrak bete dituzte herritar guztiei» eskerrak eman ondoren, Olanok ez du aukera galdu bere taldearen lana goresteko: «Batzuek zioten ez genekiela gestioa egiten. Hauxe da gestioa, hortxe daude emaitzak. Eta bakoitzak nahi dituen balorazioak egin ditzala».
24,4 milioi, oraingoz, Bizkaian
Bizkaiak oraindik ez du jakinarazi Ondarearen gaineko Zergaren bidez zenbat diru bildu duen, baina baliteke Gipuzkoaren mailara ez iristea. Oraingoz, 24,4 milioi euro bildu ditu, eta ekaineko azken egunetan finantza erakundeen bidez egindako aitorpenak baizik ez zaizkio falta zenbatzeko.
Berreskuratutako zerga horri esker lortu du Bizkaiak orain arteko datuei buelta eman eta iazko bilketa gainditzea. Zehazki, iaz ekainera arte lortutakoa %0,6 gehiago jaso du aldundiak. Datu positiboak eman dituzte zerga zuzenek: errenta zergaren bidez ia sei milioi gehiago jaso dituzte (%0,7 gehiago), eta 3,6 milioi gehiago, sozietate zergaren bidez (+%10,7). Kontsumoaren gaineko zergen bilketak, ordea, okerrera egin du: %0,1 jaitsi da BEZa eta %3,3 erregaien gainekoa.
Gipuzkoak aberats handien gaineko zerga izango du
Ondare zergaren bitartez, espero baino 6,5 milioi gehiago bildu ahal izan ditu Gipuzkoako Ogasunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu