Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek inoiz baino diru gehiago izango dute eskura 2022an. Bi erakundeek hurrengo urterako aurrekontu proposamenak aurkeztu dituzte, eta inoizko handienak dira. Bizkaiko Aldundiak 8.886,1 milioi euro biltzea espero du, aurten baino 915 milioi gehiago. Horietatik 1.459,8 milioi euro izango dira sailen esku egongo direnak, iaz baino %7,3 gehiago. Gipuzkoako Aldundiak, aldiz, 5.620 milioi euro biltzea espero du, baina «aurrekontu propioa» deritzona 1.042 milioi eurokoa izango da, aurten baino 59 milioi euro gehiago —%7 handiagoa—.
Araban ere hala gertatuko da. Azaroaren 15ean emango dute haien berri, baina Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak dagoeneko aurreratu du aurreko urteetako «marka» hobetuko dutela. Diru bilketako eta aurrekontu propioko arteko dirua Eusko Jaurlaritzaren, lurraldeetako udalen, eta Espainiako Gobernuaren —kupo bidez— artean banatuko dute.
Bi aldundiek hasi dute aurrekontuen onarpenerako tramitea, eta, ezusteko handirik ezean, urte amaitu aurretik onartuko dituzte batzar orokorretan. Hurrengo asteetan hasiko da sail bakoitzeko entresakak azaltzeko prozesua, eta eztabaidak bi hilabetez luzatzea espero da. Bizkaikoaren kasuan asteartean hasiko da hiritarrek proposamen formalak egiteko duten epea eta azaroaren 12ra arte luzatuko da.
«Susperraldirako» kontuak
Bi aldundiek nabarmendu dute pandemia osteko aroak baldintzaturiko kontuak direla hurrengo urtekoak. Bizkaikoak «susperraldia bultzatzeko diseinatuta» daudela azaldu du Unai Rementeria ahaldun nagusiak, eta «enpleguari laguntzeko eta lurraldeak behar dituen trantsizioei» ekiteko erabiliko dituztela.
Euskara eta Kultura saila izango da aurrekontua gehien handituko duena: %26,5 gehiago jasoko du —49 milioi eurotik 62ra igaroko da—. Aldiz, eta ohiko denez, Gizarte Ekintza izango da diru gehien mugituko duen saila: 599 milioi euro, %2,5 gehiago.
Gipuzkoan ere Gizarte Politikak izango dira baliabide ekonomiko gehien izango duen saila: 454 milioi euro, aurten baino %8,68 gehiago. Aldiz, gehien haziko dena, alde handiz gainera, Ingurumena eta Obra hidraulikoena izango da. 34 milioi jasoko ditu, aurten baino %19,8 gehiago.
Markel Olano ahaldun nagusiak gorako joera mantentzea espero du, eta 2023an berriz ere aurreko urteko kopurua hobetzea. Era berean, zehaztu du egitasmo jakin batzuek bultzada berezia izango dutela. Adibidez, MUBIL zentroak 22,2 milioi euro jasoko ditu eta Adinberrik zazpi milioi.