Gipuzkoako Foru Aldundiak formula berri bat aurkitu du kamioiei bidesariak ezartzeko N-1 eta A-15 autobietan zirkulatzeagatik: bide guztia kobratzea, eta ez zati batzuk, orain arteko moduan.
Horrela egin nahi die aurre Markel Olanoren gobernuak orain arteko bidesariek auzitegietan jasotako debekuari. Izan ere, lehen bi foru arauak baliogabetu ditu EAEko Justizia Auzitegiak, eta Espainiako Auzitegi Gorenak ez ditu indargabetu debeku horiek.
«Garraiolariek eta epaitegiek behartu gaituzte erabaki hau hartzera. Gure errepideak behar bezala artatu nahi baditugu, behar diren hobekuntzak eta eraikuntzak egin nahi baditugu, aldundiaren aurrekontua ez da nahikoa, eta beste finantzaketa iturri batzuk bermatu behar dira. Baliabide horiek bi modutara lortu daitezke, gaitasun handiko errepideetan erabiltzen duenak ordainduz edo zerga berri bat ezarriz. Erabiltzen duenak ordaintzearen aldekoak gara, askoz justuagoa iruditzen baitzaigu», ziurtatu du AIntzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak, Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian.
Lehen bi arauetako epaiek nabarmendu dute orain arteko bidesariek kanpoko garraiolariei kalte egiten dietela eta bertakoei mesede egiten, bi autobideetako zati batzuetan ez dagoelako bidesaria ordaintzeko arkurik. «Zeharkako diskriminazioaren kontzeptua non gauzatzen den argi ez egon arren», aldundiak modu bakarra aurkitu du epaitegietan hirugarren ezezko bat ez jasotzeko: «Segurtasun juridikoa lortzeko bide bakarra N-I eta A-15 osoan zehar bidesaria jartzea da».
Epaitegien erabakiak eta garraiolarien kexuak gorabehera, Oiarbidek berretsi du ibilgailuei bidesariak ezartzeko erabakia «irmoa» dela, eta bat egiten duela Europako Batasunaren zuzentarauekin. «Sententzia bakar batek ere ez du zalantzan jartzen guk gure errepideetan bidesaria ezartzeko dugun eskumena eta gaitasuna. Beraz, erabat zalantzaz kanpo dago Gipuzkoak bere batzar nagusiek demokrazia osoz emandako agindua betetzeko duen eskubidea».
Diputatuak argitu nahi izan du ez dela kamioilariei jartzen zaien zerga bat, kamioiari baizik: «Beraz, kamioiaren karga erosten duenak ordaintzen ditu gastu horiek, guk taxi bat hartzen dugunean bidaiaz gain peajea ordaintzen dugun bezala».
Epaitegietako bidea
Olanoren gobernuak foru dekretu bat egingo du bidesaria berehala martxan jartzeko, eta arau bat prestatuko du gero batzar nagusiek onar dezaten. Edonola ere, Olanoren gobernuak iragarri du helegitea jarriko duela Espainiako Auzitegi Gorenean, uste baitu «akats nabaria» egin zuela epaitegi horrek, Europako Batzordeari ez ziolako galdetu bigarren arauaren legezkotasunari buruz.
«Europako legedi oro Europako instantzietan kontsultatu behar da, eta kasu horietan ez da hala egin, eta defentsa-gabezia nabarmena sortuz», salatu du Oiarbidek, eta gogorarazi du Europako Batzordeak berak bigarren bidesariaren aldeko iritzia eman zuela.