Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreikusitako planekin jarraituko du zerga iruzurra eragozteko fakturen kontrol sistemaren derrigortasunari dagokionez. Hiru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren artean egindako proiektu bat da Ticket Bai, baina ez dute lurralde guztietan aldi berean ezarriko.
Bizkaiko Ogasunak astelehenean iragarri berri du erabaki duela bi urtez atzeratzea Bizkaiko enpresek eta autonomoek Batuz egitasmoarekin bat egiteko duten betebeharra, 2024ko urtarrilaren 1era arte. COVID-19aren pandemiaren ondorioz sortutako zailtasunak dira atzeratzearen arrazoia.
Gipuzkoan, ordea, proiektua «oso aurreratuta dago», aldundiak berak eta Merkataritza Ganberak martxan jarritako informazio kanpainekin. Ogasunak azpimarratu duenez, ez dago «kolapso arriskurik, eta lurraldeko denda eta establezimenduen %97k Interneterako konexioa dute»; beraz, inbertsioaren ikuspuntutik, «ez da arazo bat», aldundiaren ustez.
Hala, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, kudeaketa alorreko kolektiboa izango da sistema horrekin bat egingo duen lehen sektorea, eta pixkanaka beste sektoreak batuz joango zaizkio.