Gipuzkoako Foru Aldundiak bilera bat eskatu die Espainiako Gizarte Segurantzako arduradunei, beren produktuak azoketan saltzen dituzten baserritar erretiratuei ezarritako isunen arazoari irtenbide bat emateko. Egunotan jakin da erretiroa hartu baina azoketan saltzen jarraitzen duten zenbait nekazariri 6.000 eurorainoko isunak jarri dizkietela, eta horietako batzuei pentsioa bi hilabetez eten dietela.
Legea urratzea leporatzen die Gizarte Segurantzak. Azaroaren erdialdean ikuskatzaile bat Tolosako (Gipuzkoa) merkatuan izan zen, ekoizle guztiei jarduera ekonomikoaren ziurtagiria eta kotizatzen zuten erregimena eskatzeko, eta egiaztatu zuen haietako batzuek halakorik ez zutela. Ohikoa izaten da hori baserritar erretiratuen artean. Baita legez ziurtagiri horiek izatera behartu zituztenetik ere, haietako askok interpretatzen baitute pentsioarekin bateragarria dela jarduera osagarri hori, lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik dauden diru sarrerak lortzeko bada.
Gipuzkoako Aldundiak uste du gaur egun badaudela «alternatibak» erretiratuen jarduera ekonomikoak modu osagarrian egiten jarraitu ahal izateko «erretiro aktibo gisa», baina nabarmendu du egungo araudiak ez duela baserritarren kasua kontuan hartzen, eta gogoratu du haietako askok gutxieneko pentsioak jasotzen dituztela. «Gure baserritarren errealitatera hobekien egokitzen den formula bilatzen saiatuko gara, Gipuzkoan astero egiten diren azoketan gure lurraldeko produktuen salmenta bideragarria izaten jarrai dezan», adierazi du aldundiak ohar batean.