Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek gauzatu dute bidesarien epaiari helegitea jartzeko iragarpena. Hala jakinarazi du Fenadismer Espainiako garraiolarien patronalak, eta baieztatu egin du hori aldundiak. Espainiako Auzitegi Gorenean kasazio helegitea jarri aurretik egin beharreko izapidea da.
Fenadismerrek azaldu du Gorenean jarritako kasazio helegitea ez dela bigarren instatzian egindako apelazioa, tramitera onartua izateko "kasazio interes objektiboa justifikatu behar delako". Azken hori ez dagoela argi dio Fenadismerrek.
EAEko Auzitegi Nagusiak apirilean eman zuen Gipuzkoak N-1 eta A-15 errepideetan jarritako bidesariak bertan behera uzteko epaia. Epaiaren arabera, Idiazabal eta Andoain artean bidesaririk ez izateak Gipuzkoatik kanpoko kamioilariak diskriminatzen ditu. Aldundiak bidesariak kobratzen jarraitzen duenez, garraiolariek sententziaren exekuzio probisionala "aztertzea" eskatu diotela azaldu du Fedismarrek, eta azpimarratu du apirileko epaia "Europako araudian oinarritua" dagoela.
Aldundiak eta Batzar Nagusiek kasazio errekurtsoa prestatzeko epaia aurkeztu zuten herenegun EAEko Auzitegi Nagusian, eta Auzitegi Gorenak "gaia aztertu" dezan galdegin, "kasazio interesa duelako".