Gipuzkoako aldundiak salatu du Espainiak «esku hartuta» dituela euskal erakundeak

Datorren urtetik aurrera defizita izateko debekuak eskuak lotzen dizkiela adierazi du Ogasun diputatuak

Donostia
2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak Euskal Herriko instituzioak «esku hartuta» dituela salatu du Helena Franco Gipuzkoako Ogasun diputatuak. Defizit publikoaren eta zorpetzearen inguruan neurriak ezarri dizkie Espainiako Gobernuak tokian tokiko erakundeei. Ezarritako baldintza horiek zorrotzak direla dio, ez dietelako uzten erabakiak hartzeko gaitasunik: «Lotuta ditugu eskuak».

Haren esanetan, aldundien eskumenetan «esku sartzeak» ari da egiten etengabe Espainiako Gobernua; horretarako, «lege zentralistak» egiten dituela salatu du.Gipuzkoako Foru Aldundiak dio egoera ekonomikoari erantzuteko duen gaitasuna mugatua dela; nork bere kontuak kudeatzeko ahalmena berreskuratu behar dutelakoan dago.

Espainiako Gobernuak ezarri dizkien neurriak eta baldintzak inposizioaa direla uste du Francok, horrek Gipuzkoako ekonomia itoko duelako, desberdintasun sozialak gehituko dituelako, eta sektore publikoaren etorkizuneko garapen aukerak mugatuko dituelako.

Gainera, datorren urtetik aurrera ohiko jarduerara bideratutako gastuak mugatu beharrean izango direla azaldu du, zorra ordaintzera behartuta egongo direlako. «Espainiako Gobernuak bere interesak beste edozeren gainetik jartzen ditu», gaineratu du.

Espainiako Gobernuak hala aginduta, 2013tik aurrera udalen eta foru aldundien defizitakBPGaren %0 izan beharko du, hau da, ezingo dute jasotzen dutena baino gehiago gastatu. Espainiak jarritako baldintzak Europak ezarritakoak baino zorrotzagoak direla azaldu du Francok: «Espainiako Gobernuak zehazten du zein erritmotan zuzendu behar ditugun kontuak, eta, gainera, noizko eta nola egin behar dugun esaten digu».

Aurreikuspenak betez gero, 2016rako beteko luke Gipuzkoak eskatutakoa, Europak Espainiari eskatutakoa baino lau urte lehenago. Defizit publikoaren muga BPGaren %0,5ean, eta zorpetzearena BPGaren %60ean ezarri ditu Europako Batasunak 2020rako estatuentzat.

Defizitaren muga betetzeko administrazio publiko bakoitzak egin beharreko ahalegina desberdina izango dela esan du Francok: «Malgutasun handiagoa izango du Espainiako Gobernuak, estuagoa autonomia erkidegoek, eta erabat zorrotza tokian tokiko erakundeek».

Gastuaren hazkundea

Gastuaren hazkundeari buruz ere ezarri dizkiete baldintzak. Horren aurrean Francok dio zorraren interesak ordaintzera bideratu beharko dutela gastuaren zati handiena; horrek departamentuen oinarrizko gastua murrizten duela azaldu du. Izan ere, zorra «berehala» finantzatzera bideratu beharko dute lortzen dituzten aparteko diru sarrerak. Hori egitera behartuta daudela dio, nahiz eta ekonomiaren suspertzea, eta herritarren ongizatea «sakrifikatu» behar izan.

Hori bai, azaldu du edozein instituziok izan dezakeela momentu jakin batean zorpetzeko beharra, eta, hortaz, ez duela esango defizita eta zorra «onak edo txarrak» direnik. Nolanahi ere, adierazi du kontuak «ahalik eta onbideratuen» izatea dela Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera.

Modu berean, salatu du azken hamarkadetan «neurrigabe» jo dela zorpetzera, eta kasu batzuetan, gainera, «justifikatu gabeko gastuak» finantzatzeko egin dela hori. Gastu horiek finantzatzearekin batera, «baliabide gehien dituzten eragileei» zerga presioa jaitsi zitzaiela ere esan du.

Bilerak, irtenbide bat emateko

Gipuzkoako Foru Aldundiak bizi duen egoera ekonomikoari konponbide bat emateko asmoz, bilera erronda bat egingo du Gipuzkoako eragile instituzionalekin, politikoekin eta sozialekin datorren astetik aurrera. Diagnostiko bateratu batera iritsi asmo dute,Francoren esanetan, «egoeraren larritasunaz» jabetzeko, eta «herri bezala» erantzuteko.

Batzar Nagusietako alderdi ekin eta udalekin egingo dituztelehen bilerak; udazkenera arte luzatuko dute erronda. Bilera horietan lortutako diagnostikoa Araba, Bizkai eta Nafarroarekin egin nahi dituzten bileretan ere jarriko dute mahai gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.