Azken urteotan soldata igoerarik ez dute izan Hego Euskal Herriko langile publikoek, Espainiako Gobernuak hala behartuta. Hasiera batean saiatu ziren aginduari izkin egiten erakunde batzuk, baina ez zuten legezko zirrikiturik ikusi horretarako. Hori ikusita, Gipuzkoako Aldundiak beste bide bat aukeratu du bere langileek erosteko ahalmena gal ez dezaten: soldata bera igotzea. Hala egin duela iragarri du Larraitz Ugarte aldundiko bozeramaileak, soldatak izozteko erabakia "bidegabea" baita.
Orain eman du agindua Martin Garitanoren gobernuak, baina urtarrilaren 1eko atzeraeraginarekin.
Greziaren erorketak austeritatearen aroa zabaldu zuenetik ez dute ikusi soldata igoerarik langile publikoek. 2010eko maiatzean, Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak soldatak %5 jaisteko agindua eman zuen, eta orduz gero izoztuta egon da. Aparteko sari bat ere galdu dute, 2012ko Gabonetakoa, baina noizbait jasoko duela agindu du Espainiako Gobernuak. Soldata hori pagatzeko saioek auzitegiekin egin dute topo, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak izango du azken hitza.