Gipuzkoako basoetako hamar hektareatik bat Basotik fundazioaren esku utzi nahi dute jabeek

Duela urte eta erdi sortu zuen aldundiak mailegu sistema berria, eta dagoeneko jabetza pribatuko mila hektarea inguru kudeatzen ditu. 800 familia baino gehiago interesatu dira.

Xabier Arruti eta Jon Ander Ostolaza Basotik fundazioko arduradunak, ostegun honetan egindako agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU
Xabier Arruti eta Jon Ander Ostolaza Basotik fundazioko arduradunak, ostegun honetan egindako agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU
2025eko uztailaren 3a
15:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Basora begiratu, hainbat behar ikusi eta horiei erantzun bat eman. Duela urte eta erdi sortu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiko Basotik fundazioa, eta arindua hartu zuten hainbat baso jabek, ez baitzekiten lursailekin zer egin. Gipuzkoan guztira dauden 11.000 jabe pribatuetatik 800 baino gehiago interesatu dira jada, eta prest daude beren lursailen kudeaketa Basotik fundazioaren esku uzteko. Beste era batera esanda, dauden 95.723 hektarea pribatutik 9.000 baino gehiago.

«Arrakastatzat» jo du lortutakoa Xabier Arruti Lurraldeko Oreka Berdeko diputatuak, Jon Ander Ostolaza Basotik fundazioko gerentearekin batera egindako agerraldian. Proiektuak harrera «oso ona» izan duela nabarmendu dute, eta datu batzuk ere eman dituzte. Basotik fundazioak 1.800 hektarea aztertzeko lana egin du, eta jada hasiak dira 1.000 hektarea baino gehiago kudeatzen. Aldundiak bidalitako mailegu-kontratu proposamen guztien %85 onartu dituzte jabeek: 130 sinatu dira guztira.

Adierazi dutenez, hasierako helburuak motz geratu dira. 800 jabek baino gehiagok erakutsi dute interesa, eta oraintxe bertan 200 kontratu inguru gehiago ari dira tramitatzen. 2026ko martxoan amaituko da oraingo ekitaldia, eta ordurako hiru aldiz handiagoa izango da egitasmoaren aurrekontua: 1,5 milioi euro. Kontratuen kopurua ere orain halako hiru izatea nahi dute.

Hala ere, azaldu dute basoak mailegatzeko kontratuak «luzeak eta korapilatsuak» direla, eta urtebete edo denbora gehiago behar izaten dela horietako batzuk sinatzeko. «Sinatzen diren kontratu motzenak 60 urtekoak dira, eta luzeenak, 150 urtekoak; beraz, denbora behar dute», adierazi du Arrutik.

Orain arte interesatu direnen soslaia bi eratakoa izan da: batetik, basoarekin erlazio zuzena duen lur jabea, baina bere inguruan erreleborik ikusten ez duena; eta, bestetik, basoa herentzian jaso eta basoarekin erlaziorik ez duena, askotan lursaila non dagoen ere ez dakiena.

Helburu soziala

Gipuzkoak Europako baso dentsitaterik handienetakoa du, lurraldearen %61,5 da basoa, eta asko dira kudeatu gabe dauden hektareak. Bestalde, baso asko errentagarritasunaren arabera landatu dira orain arte, eukalipto basoak adibidez, eta horrek arriskuak ditu.

Hori jakinik, Basotik fundazioak dio asmoa dela jabetza pribatuko baso horiek era «egokian, orekatuan eta jasangarrian» kudeatzea, eta hiru helburu dituela: «soziala, ingurugirokoa eta ekonomikoa». Arrutik azaldu duenez, bateragarriak dira hiru helburuak: «Gipuzkoan mosaiko bat dugu, eta bertako egurra oso garrantzitsua dugu egunero erabiltzen ditugun elementuetarako. Helburu osagarriak dira».

Ingurumenarekin lotuta, eta landatzen diren espezien inguruan galdetuta, Basotik fundazioko arduradunak adierazi dute espezien arteko oreka mantentzen saiatzen direla. Zehaztu dutenez, landatzen dituzten espezieen %50 koniferoak dira —azkar hazi eta «produktiboenak» direnak—, eta gainerakoak hostozabalen espeziekoak dira —denbora behar dute hazteko—. Koniferoen artean pinuak izaten dira nagusi, baina, Basotik taldeko arduradunek azaldu dutenez, joera hori aldatu nahi dute gutxiago landatu ditzaten.

Agerraldia baliatu dute BasoHub egitasmoa aurkezteko ere. Aldundiak foro bat sortuko du sektoreko enpresei edo bestelako eragileei zuzendua —unibertsitateak, ikerketa zentroak...—, egurrari eta basoei zer beste erabilera eman aztertzeko. Bost eremutan sakondu nahi dute bereziki: osasunean eta ongizatean, gizarte sentsibilizazioan eta belaunaldi arteko erreleboan, kulturan eta nortasunean, ikerketan eta berrikuntzan, eta bioekonomian eta erabilera berrietan.

LURSAILA UTZI ETA DIRUA JASO

Alde ekonomikoari dagokionez, fundazioak hasieratik ordaintzen dio jabeari. Hainbat kontratu mota daude, baina, normalean, Basotik fundazioak lursailaren tasazioa egiten du, eta lursail horretan landutakoak zenbat balioko duen kalkulatzen du, hau da, zuhaitzen egurretik zer errentagarritasun aterako duen. Emaitza horri kudeaketa eta salmenta gastuak kendu (%5 inguru), eta kontratu urteekin zatikatzen da. Jabeari horren erdia ordainduko dio urtero, eta beste erdia, kontratua amaitzean. 

Koniferoak landatzea errentagarriagoa da, baina, orekari eusteko, hostozabalak ere landatu behar dira, erdi eta erdi. Lur eremuaren balioa koniferoen egurrak merkatuan duen prezioaren arabera kalkulatzen da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.