Gipuzkoako eraikuntzako 14.000 langileek beren lan baldintzak eguneratu dituzte. Aurten %3,7 igoko diete soldata, hurrengo urteetan KPI kontsumo prezioen indizearen arabera egingo dizkiete igoerak, eta lanorduak gutxituko dizkiete. ELA eta CCOO sindikatuek sinatu dute ituna, Adegi-Ascongi patronalarekin. 2025. urtearen hasieratik aplikatuko diete ituna langileei, eta 2028ra arte egongo da indarrean.
Aurreakordioa ekainean lotu zuten, eta hartan biltzen ziren aurretik aipatutako puntu gehienak. Hala ere, gai bat gelditu zen lotu gabe, eta orain egin dute: aurreko hitzarmeneko %0,4ko soldata igoera, langileek oraindik jaso gabea zutena. Kontua da 2021. urtean 500 euro igo zizkietela soldatak langile guztiei, baina, gainera, urteko KPIari beste %0,4 gehitu behar zioten. Urte hartan pandemiaren ondorioz inflazioa negatiboa izan zenez (-%0,5), patronalak argudiatu zuen ez zegoela %0,4ko igoera aplikatu beharrik. Espainiako Auzitegi Gorenak, ordea, kontrakoa ebatzi du, eta enpresek %0,4ko atzerapenak ordaindu beharko dituzte soldatetan, kilometrajeetan eta dietetan.
Hitzarmenak biltzen duen beste ezaugarri bat lanorduena da. Langileek bi ordu gutxiago lan egin beharko dute 2026an, beste hiru gutxiago 2027an, eta beste hiru gutxiago 2028an, hau da, denera 1.676 lanordu egin beharko dituzte urte horretan.
ELAren sinadurak izan du pisurik handiena —%74ko ordezkaritza du—. Beste sinatzaileak, CCOOk, ordezkarien %5 ditu. LABek (%13) eta UGTk (%6,5), aldiz, uko egin diote hitzarmena sinatzeari.