Zerga bilketa behera doa lurralde guztietan; foru aldundiek diru gutxiago biltzen dute, eta, hortaz, udalerriek ere gutxiago dute euren finantzaketarako. Funtsen aurreikuspenek likidazio negatiboa izan dute 2012an, hala Gipuzkoan nola Bizkaian. Udalerri gipuzkoarrek 22,7 milioi euro itzuli beharko dizkiote foru aldundiari, eta Bizkaian, berriz, 29 milioi itzuliko dituzte.
Halaber, Espainiako Gobernuarekin kupoa finkatzeko sarri sortzen diren desadostasunek badute aurten ere euren isla udalerrien finantzaketan. Itziar Miner Gipuzkoako Diputazioko Zerga Politikako zuzendariak udalerriei ohartarazi die 10,5 milioi euro daudela kolokan, «eta, beraz, ezin dela diru hori erabili». Alkateek kontuan hartu beharko dute euren aurreikuspenak egiteko. Dirua 2013an itzuli beharko diote diputazioari, ez beranduago. Proportzioan egingo dute itzulketa; esaterako, Donostiak 6,2 miloi euro ordainduko ditu, eta Orexak, 8.590 euro.
Denak ez dira berri txarrak udalerrientzat, ordea; Finantzen Euskal Kontseiluan opor fiskalen inguruan berriki hartutako erabakiak, 2,3 milioi euro eraman ditu Gipuzkoako funtsera, eta udalek horietan parte hartzea izango dute.
Ogasun arduradunek eta udalerrietako ordezkariek batzarra egin zuten atzo Gipuzkoako Foru Aldundian, besteak beste, 2013ko zenbakiak adosteko. Aurtengoarekin alderatuta, udalek 19,2 milioi gehiago jasoko dituzte 2013ko aurrekontuetan, %5,13 gehiago.«Zerga bilketaren bilakaera hobea espero dugu 2013rako».
Bizkaian, berriz, aldundiak zehaztu du Udalkutxa funtsak aurten 747,1 milioi euro izango dituela, aurrekontuetan kalkulatu zuten baino 29 milioi gutxiago. Horixe da, hain zuzen ere, udalek diputazioari itzuli beharko diotena. Datorren urtean 727,5 milioi euro izango ditu, 2012ko azken emaitza baino %2,6 gutxiago (19 milioi).
Zerga bilketa 400 milioi euro handituko dela kalkulatu du Finantzen Euskal Kontseiluak, baina erakunde batzuek gutxiago gastatu ahal izango dute, beren gehienezko defizita mugatu dielako Espainiako Gobernuak: BPGaren %0,7koa izango du Jaurlaritzak (%1,5) aurten, eta %0koa foru aldundiek.
Arabako opor fiskalak
Arabako Foru Aldundiak esan du opor fiskalen bilketaren bidez dagokion kopuruaren %70 ez duela baliatuko. EBk jar dezakeen balizko isuna ordaintzeko gordeko du. Arabak 209 milioi euro bildu ditu lurraldeko enpresen artean, opor fiskalen atalean. %30 dagokio foru aldundiari (%70 Jaurlaritzari), eta hortik zati bat udalerriei eman behar die. Haiei ere dirua gordetzeko esan die, ordea, isunaren auzia dela eta.
EH Bilduko batzarkideek eskatu dute Arabako Foru Aldundiak 2013ko aurrekontuetan sar ditzala udalerriei dagozkien 33 milioi euroak.
Gipuzkoako eta Bizkaiko udalerriek 51,7 milioi euro itzuliko dizkiete diputazioei
Udalak finantzatzeko funtsa handituko dute Gipuzkoan 2013rako, %5,13; Bizkaikoak %2,6 egingo du behera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu