Energia

Gipuzkoako industria enpresen lehen energia komunitatea sortu dute Eibarren

Energia berriztagarria sortu eta kontsumitu ahal izango dute Azitain industrialdeko enpresek. 347 plaka fotovoltaiko jarriko dituzte, eta elektrizitate fakturan %25 aurreztea espero dute.

Egitasmoaren sustatzaileak, ostiral honetan egindako aurkezpenean. BERRIA
jokin sagarzazu
2023ko otsailaren 10a
15:20
Entzun

Etxeetan bezala, gero eta gehiago ikusten dira eguzki panelak lantegietako teilatuetan eta inguruetan. Enpresa asko beren kabuz egiten ari dira energia trantsizioa, baina ezohikoagoa da industrialde berean daudenek bat egitea eta tokiko energia komunitate bat sortzea. 2021. urtean inauguratu zuten gisa horretako lehen parke fotovoltaikoa Hego Euskal Herrian, Derioko (Bizkaia) Seminario Zentrum enpresa gunean, eta Eibarren (Gipuzkoa) beste bat sortzeko urratsa egin dute. Azitain industrialdean egongo da, eta zortzi enpresak bat egin dute egitasmoarekin: Acha Herramientas, Codesyntax, Hanna Instruments, Inkubagailua Eibargunea, Jose Maria Irazabal, Manufacturas Resort, Neurtek eta Teleapostuak enpresek. Atzo aurkeztu zuten egitasmoa.

Sustatzaileek azaldu dutenez, proiektuan parte hartzen duten zortzi enpresa horiek izaera juridiko propioa duen energia komunitate bat osatu dute (TEK Azitain). Guztira 347 plaka fotovoltaiko instalatuko dituzte industrialdean, eta azpiegitura horrek 1.086 metro koadroko azalera hartuko du. Instalazioak 156 kilowatt sortuko ditu; alegia, enpresa bazkideen guztizko kontsumoaren %25 gutxi gorabehera. Sortutako energia fakturatik deskontatuko zaie zuzenean, eta ez dute ordainduko ez bidesaririk, ez kargurik. Azaldu dutenez, urtean 972 tona karbono isurtzea saihestuko dute, «25 urtean emisioak xurgatzen dituzten 3.891 zuhaitz landatzearen baliokidea».

Proiektuak industrialde horretan dauden enpresen «energia autonomia» handitzeko helburua du, «poligonoan garatzen den jarduera ekonomikoaren deskarbonizazioa nabarmen hobetzeko eta bertan dauden enpresen energia lehiakortasuna handitzeko». Plaka fotovoltaikoekin batera, panelek sortutako energia biltegiratzeko sistema bat jartzea aztertzen ari dira. Aurrera begira, halaber, ez dute baztertzen instalazioa handitzea, interesa duten enpresa berriak komunitatean sar daitezen. Bi kilometroko erradioan dauden enpresek bat egin ahalko lukete.

Egitasmoan parte hartu duten zortzi enpresek eta Debegesa Debabarrena eskualdeko garapen agentziak sustatu dute TEK Azitain komunitate energetikoa, eta Energiaren Euskal Erakundearen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren eta Eibarko Udalaren laguntza jaso dute. Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren eta Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen duen Next Generation Autokontsumorako Programaren diru laguntza jaso du.

Edinor enpresak diseinatu du egitasmoa. Petronorren filiala da; energia komunitateen garapenean espezializatuta dago, eta gisa horretako proiektu ugari garatu ditu. Enpresa komunitateen kasuan, harena da duela bi urte Derioko enpresa parkean inauguratutako Hego Euskal Herriko lehen industria komunitate energetikoa. Eibarkoa baino txikiagoa da: berrehun eguzki plakak osatzen dute, eta 74 kilowatt sortzeko gaitasuna du; mila metro koadroko azalera hartzen du, eta hamar enpresak parte hartzen dute.

Enpresetarako jauzia

2020an sortu zuen Europako Batzordeak tokiko energia komunitatearen kontzeptua (TEK). Industria oso gutxi daude, baina bai bestelakoak, udal mailakoak bereziki, 5.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan, udal azpiegituren behar energetikoentzat baina baita biztanleenak eta, zenbaitetan, komertzioenak betetzeko sortutakoak.

Energiaren Euskal Erakunderen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan halako berrogei komunitate inguru jarri dituzte martxan, eta ehun udal inguru inplikatu dira. Gehienek Edinorren eredua hartu dute, edo Eusko Jaurlaritzak eta Mondragon taldeko Krean ingeniaritzak sustatutako Ekiola kooperatibena.

Nafarroan, gobernuak berriki eman dituen datuen arabera, lurraldeko lau udalerritik batean badute halako komunitate bat, edo sortzeko bidean daude. Industria arloan, urtarril amaieran aurkeztu zuten lehenengoa, Lekunberrin. Zortzi enpresak bat egin dute egitasmoarekin.

Badago tokiko enpresa komunitatea ez den egitasmo bat, baina antza duena: Ekian. Arasur industrialdean dago, Erriberabeitiko udalerrian (Araba). Kasu horretan 21 enpresa baino gehiago bildu dira planta fotovoltaiko bat sustatzeko. 24 megawatt ekoizteko ahalmena du, eta 2020aren hasieratik dago martxan. Haren helburua ez da enpresa horien energia premiak betetzea, baizik elektrizitatea sortzea. Hala ere, enpresa horietako batzuek, elektrizitatea salerosteko epe luzeko aldebiko kontratu baten bidez, beren kontsumorako erabiltzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.