Amagoia Barandiaran. Ekiolako zuzendaria

«Energia sortzaile izateko aukera eman nahi diegu herritarrei»

Herrietan komunitate energetikoak osatu eta horien bitartez bazkideen energia beharrak asetzeko moduko parke fotovoltaikoak sortzeko eratu zen Ekiola elkartea, otsailean. Proposamenak hainbat udalen interesa piztu du.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Herritarren artean kontsumo kooperatibak osatu eta horien bidez energia propioa ekoizteko parke fotovoltaikoak sortzeko proposamenaren bueltan eratu zen Ekiola elkartea, Mondragon Taldeko Krean Ingeniaritza enpresaren eta EEE Energiaren Euskal Erakundearen arteko elkarlanaren bidez. Azpeitian (Gipuzkoa) aurkeztu zuten lehen proiektua, hango 450 familia hornitzeko gaitasuna izango duen parkearen egitasmoarekin, eta atzetik etorri dira Donostia, Arabako sei kuadrilla eta beste zenbait herri ere. Amagoia Barandiaran (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1976) Ekiolako zuzendariak azaldu duenez, azkar luzatzen ari da zerbitzuaz galdetu duten udalen zerrenda.

Funtsean, bizilagunak elkartu eta denen artean eguzki parke bat sortzea da proposatzen duzuena. Nondik dator ideia?

Laburbilduz, hori da, bai. Zuk agian aukera duzu etxeko teilatuan plaka fotovoltaikoak jarri eta sorturiko energia kontsumitzeko, baina jende askok ez dauka horretarako aukerarik, eta teilatu guztiak ere ez dira egokiak horretarako. Nik, adibidez, nire eraikinean ezin ditut jarri, 117 bizilagun garelako eta goiko pisuetan atikoak, terrazak eta tximiniak daudelako.

Beraz, zer egin dezakete aukera hori ez duten herritarrek beren energiaren ekoizpenaren jabe bilakatu ahal izateko? Ba, komunitate energetiko baten parte egin eta plakak lurrean jarri ditzakete. Eta hori da guk proposatzen dieguna. Eta zein izan daiteke komunitate horren figura? Gu Mondragon taldekoak garenez, kooperatiben aldeko apustua egin genuen.

Herritarra bere herriko eguzki parkeko kooperatibista bilakatzen da, beraz.

Kooperatiba hori izango da planta fotovoltaikoa sortu eta operatuko duena, bazkide bakoitzak energia jaso dezan. Baina kooperatiba eratu aurretik beste pauso batzuk eman behar dira. Lehen fasean, Kreanek eta EEEk udalarekin lan egiten dugu, proiektu teknikoak, urbanistikoak eta ingurumen planak diseinatu eta lizentzia guztiak lortzeko, horren atzean arrisku handi bat baitago.

Edozein lurretan eta edozein orientaziorekin ezin da planta bat egin. Leku egokia topatzeko, azterketa pila bat egin behar dituzu, baina guk, sektoreko profesionalak garenez, badakigu partzela egokiak identifikatzen. Badakigu, oso gutxi inbertituta, leku batean planta bat egin daitekeen edo ez.

Ekiolaren ekarpena hasierako arriskua bere gain hartzea da, beraz?

Guk hasierako lan hori guztia egiten dugu, eta, eraikitzeko lizentzia lortzen denean, kontsumo kooperatiba osatzen da, irabazi asmorik gabekoa. Hortik aurrera, kooperatiba errealitate bat denean, herritarrek bat egin dezakete, xehetasun guztiak eskura izanik: eguzki parkea non jarriko den, zer dimentsio dituen, zer kostu, zer mantentze lan...

Eta nola hartu dezakete parte?

Azken hiru urteetako kontsumoa aurkezteko eskatzen diegu, plantara kontsumo maila horrekin lotu daitezen. Ez dugu onartzen errentagarritasuna lortzeko inbertsiorik; zure urteko kontsumoa asetzeko kopurua egokitzen zaizu, eta kito. Beraz, bakarrik bizi denarentzat, agian hiru plaka nahiko izango dira, eta seme-alabak dituen familia, berriz, agian sei plakarekin batuko da. Hori ezarrita, bazkide bakoitzak hasierako ekarpen ekonomiko bat egiten du, behar dituen plaken araberakoa, eta kooperatibak, bazkide guztien ekarpen horiekin, planta bat eraikitzen du. Parkea lau hilabeteren buruan martxan egon daiteke, eta bazkideak, funtsean, energia bere ekoizpen kostuan jasotzen du, gutxi gorabehera.

Argindarra errekorrak apurtzen ari dela hasi zarete honekin.

Lurralde batean eta bestean jasotzen diren eguzki izpien arabera energia gehiago lortzen da baliabide berberekin, baina, edozein kasutan, megawatt-ordua 40 eurotik behera ekoiztuko genuke, gure azterketen arabera. Eta hori hurrengo 25 edo 30 urteetarako prezioa da, gorabeherarik gabe.

Prezio hori energiaren merkatutik askoz beherago dago, bai, eta parkearen mantentze eta administrazio kostuak biltzen ditu. Nik ez dakit hemendik 15 urtera gobernuak energia erregalatuko duen. Hori ez dakigu, baina guk prezio jakinbat bermatzen dugu.

Hasieran inbertsio handi bat eska dezake, ordea. Zer gertatzen da hori ordaindu ezin duten herritarrekin?

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiekin kenkariak negoziatzen ari gara, bazkideek hasierako inbertsioan 2.000 euro baino gehiago jarri behar izan ez ditzaten. Zifra hori, 25 urtez energia sortzeko inbertsio gisa ikusita, ez da oso handia, baina mundu guztiak ez ditu baldintza ekonomiko berberak. Eta gure asmoa da espektro sozioekonomikoan zabaldu eta gaitasun ekonomiko txikiagoa dutenek ere parte izateko aukera izatea. Komunitatearen sozializazioa ahal bezain zabal egin nahi dugu, eta hori lortzeko bide ezberdinak aztertzen ari gara.

Non eraikiko dituzue parkeak?

Ekiolak behar duen lehen gauza lurra da, eta badakigu baliabide urria dela Euskal Herrian. Horregatik, saiatzen gara lur degradatuak erabiltzen, antropizatuak eta urbanizatuta dauden eremuetatik gertu daudenak, eta ez nekazaritzarako lurrak, ez beste gauza batzuetarako erabiltzen direnak.

Herri oso bat hornitzeko moduko komunitateak osatu daitezkeela uste duzu?

Gurekin lanean hasi diren herrietan orain arte planteatu ditugun parke guztiak bat eta bost megawatt bitartekoak dira. Megawatt bateko parke batek 450 familiarentzako adina energia sortzen du, hau da, 1.400 pertsona inguru, eta futbol zelai baten azalera hartzen du. Arrasate osoa hornitzeko, beraz, hamar futbol zelai beharko genituzke, eta hori da aintzat hartu beharrekoa.

Egun, Euskal Herriko energia kontsumoaren %10-15 inguru hornitzen da berriztagarrien bitartez, gutxi gorabehera. Hor lan asko dago egiteko, baina ezin dut esan noraino heldu gaitezkeen. Helburu txikiekin hasi gara, transformazio energetikoaren bidean pixkanaka aurrera egiten jarraitzeko asmoarekin.

Zer-nolako erantzuna espero duzue herritarren partetik?

Hau gauza berria da, baita guretzat ere. Egitasmo gisa interesgarria iruditu zaigu, eta saiatzea merezi du. Parke fotovoltaikoak ez dira gauza berria, teknologia nahiko garatuta dago, baina berritzailea dena guk diseinaturiko komunitate energetikoaren eredua da.

Uste dugu oso aukera ona dela herritarrentzat, orain arte soilik kontsumitzaile izateko aukera izan duelako. Komunitate energetikoen bitartez, guztiz berriztagarria den energia propioa sortzeko aukera izango dute, etxetik gertu duten planta fotovoltaiko bati esker. Oraindik ez dakigu zer-nolako erantzuna izango duen herritarren partetik, ekonomikoki ere garai zailak direlako, baina nik argi daukat aukera interesgarria dela, baita ekonomikoki ere.

Bada garaia rola aldatzeko: kontsumitzaile huts izateari utzi, gure energiaren sortzaile bihurtu, eta gure energia kontsumoaren ardura geure gain hartzeko, munduaren alde beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.