GIPUZKOAKO METALEKO HITZARMENA. AURRERAPAUSORIK EZ. Hasi ere ez da egin negoziazioa

Azken bileran ez zuten aurrerapausorik ikusi ELAk eta LABek, eta gaurko eta biharko grebei eutsi diete. Negoziatzeko borondate falta leporatzen diote elkarri sindikatuek eta patronalak

Miren Garate.
Donostia
2010eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Hamar bilera, bi greba egun eta aurrerapauso bakar bat bera ere ez. Hori da, labur esanda, Gipuzkoako metaleko negoziazio mahaiak orain arte eman duena. Negoziatzen hasi ere ez direla egin esateko, horretarako bakarrik jartzen dira ados patronala eta sindikatuak. Guztiek diote «desiratzen» daudela proposamen zehatzen gainean hitz egiteko, baina elkarri horretarako borondate falta leporatzen diote.

Adegik, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk ari dira parte hartzen mahaian. Bost alde eta bost proposamen multzo daude. Izan ere, bakoitzak bere plataforma aurkeztu du. Lan hitzarmen ideal moduko bat izaten da hura, puztutako eskaera multzoa. Denek dakite norberarena ez dela bere horretan aurrera aterako, puntu batzuei amore eman beharko dietela. Baina batzuen eta besteen eskaerak oso urrun badaude, zailagoa da akordiora iristea.

Oraingoan, sindikatuak guztiz haserretu dira enpresaburuek aurkeztutako plataformarekin. Negoziatzen hasi ahal izateko, hura erretiratzeko eskatu diote behin eta berriz Adegiri. Ezetz dio hark, sindikatuek bezalaxe eskubidea duela nahi dituen eskaerak egiteko. Soldatei, lanaldiari, malgutasun orduei eta eskubide sindikalei buruzkoak dira desadostasun nagusiak.

Presio gisa, batera egin zituzten lehen protestak sindikatuek. Greba deialdiarekin hautsi zen batasuna. ELAk eta LABek lau eguneko lanuztera deitu zuten. CCOOk eta UGTk ez zuten bat egin. CCOOk bere kasa antolatu zituen beste bi greba, ELAren eta LABen egun berberetan. Maiatzaren 28an eta aurreko ostiralean izan ziren protestak. Hiru sindikatuak oso pozik agertu ziren jasotako erantzunarekin, %85etik gorako jarraipena izan zutelako haien esanetan.

Lehen greba egunetik bildu gabe zeuden sindikatuak eta Adegi. Asteartean, ordea, berriro eseri zirenmahaian, CCOOk eskatuta. Hark emandakoarekin nahiko gustura geratu ziren Adegi eta CCOO. Oraingoz, CCOOk ez du egingo beste mobilizaziorik. ELA eta LAB ez ditu ase Adegik esandakoak. Eta eutsi egingo diete gaurko eta biharko grebei.

Negoziazio mahaian egindako eskaera nagusiak azaltzeko eskatu die BERRIAk Juan Ramon Apezetxea Adegiko Lan Harremanetarako arduradunari eta Unai Martinez eta Alberto Cristobal ELAko eta LABeko metaleko arduradunei.



58.000

Sektoreko langileak. Gipuzkoako lan hitzarmenik garrantzitsuenetako bat da metalekoa. Izan ere, 58.000 pertsonak egiten dute lan sektorean. Gainera, beste hitzarmenetan ere eragiten du, hura erreferentziatzat hartuta negoziatzen baitira.





ELAk du ordezkari gehien negoziazio mahaian

Hauteskunde sindikaletan lortutako emaitzen arabera zehazten da negoziazio mahaian zenbat ordezkari izango dituen sindikatu bakoitzak. Metaleko azken bozetan, ELAk izan zituen emaitzarik onenak. Hala, sei ordezkari ditu mahaian; LABek, hiru; CCOOk, bi; eta UGTk, bat.





8

Azken lan hitzarmena. 2007an negoziatu zuten gaur egun indarrean dagoen Gipuzkoako metaleko lan hitzarmena. Zortzi hilabete behar izan zituzten Adegik eta sindikatuek adostasunera iristeko. Azkenean, patronalak, LABek, CCOOk eta UGTk sinatu zuten.





LAB

«Hitzarmena hasieratik negoziatzea ezin da negoziatu»

Astearteko bileraren balorazioa. «Ez genuen inongo aurrerapausorik espero, eta zoritxarrez asmatu genuen. Berriro antzerkia ikusi genuen, eta oraingoan, Adegi eta CCOO izan ziren aktore nagusiak. Adegik eskujokoak egin zituen, eta CCOOk, amarruarekin itsututa, ezer ez dagoen lekuan negoziaziorako aukera ikusi zuen. Gero eta argiago dago bakoitzaren jarrera. Agerian geratu da mobilizazioen beharra zerbait lortzeko».

Hitzarmenaren iraupena. «Guk urtebeteko proposamena egin dugu arrazoi batengatik: iraupen luzeko hitzarmenek patronalari bake soziala emateko baino ez dutelako balio. Langileei ez die ezer bermatzen. Enpresariek badituzte hainbat bitarteko, espedienteak-eta, hitzarmenean adostutakoa indargabetzeko».

Lanaldia. «Lanaldia murrizteko eskatzen dugu guk. 35 orduko lanastea lortzea da helburua. Krisiak sortutako langabezia gutxitzen eta lanpostuak sortzen lagunduko du lanaldia jaisteak».

Malgutasuna. «Termino hori maltzurki erabiltzen du Adegik, eta beste herrialde batzuk jartzen ditu adibide moduan, langileek hain kaltegarria ere ez dela irents dezaten. Baina ez du aipatzen adibide moduan jartzen dituen herrialde horietako langileen lan baldintzek eta soldatek ez dutela zerikusirik hemengoenekin, ezta babes sozial mailak ere. Herrialde horietako langileak Euskal Herrikoak baino babestuago daude; segurtasun gehiago dute. Adegik malgutasun handiagoa nahi du lan baldintzen prekarietatean are gehiago sakontzeko. Langileen lanaldiak handitu, txikitu edota aldatu nahi ditu inolako oztoporik gabe. Mugikortasun funtzionala ere horrela erabili nahi du.

Soldatak. «Egoera aztertuta, askotan esan dugun leloa errepikatzen dugu: aberastasuna badago, baina lapurrak daude sobera. Aberastasuna banatzea funtsezkoa iruditzen zaigu egoera ikusita. Soldaten erosahalmena berreskuratu eta, ahal den neurrian, hobetu nahi badugu, KPIazgaineko soldata igoerak behar dira».

Eskubide sindikalak. «Hitzarmen berriko proposamenean, langileek dituzten eskubide asko ezabatu ditu Adegik: langileak enpresa barruan antolatzeko duen eskubidea urratu da, eta ondorioz, ezin izango dira sail sindikalak eratu; afiliatuek enpresa barruan batzarrak egiteko duten eskubidea kendu nahi dute; formakuntza eta batzarretarako dauden orduak ere bai; gai garrantzitsuetan, espedienteetan edo kaleratzeetan esaterako, kanpoko aholkularitza debekatu nahi dute... Patronalak nahi duena da sindikatuek enpresaren kudeaketan egin dezakegun kontrola kentzea eta langileria indargabetzea».

Antzinatasuna kentzea. «Antzinatasunak ez du balio inor pobreziatik ateratzeko, baina langileentzako eskubide eta laguntza bat da. Adegiren beste proposamen atzerakoi bat da hura kentzea».

Hitzarmena hasieratik negoziatzea. «LABentzat puntu hori ezin da negoziatu, inolaz ere ez dugu ontzat emango ultraktibitatearen printzipioa auzitan jartzea. Langileen eskubideen aurkako eraso larria izango litzateke, urteetan lortutako eskubideak bertan behera utzi eta etengabe negoziazioa berritzea esan nahiko luke».





ELA

«Erabil ditzatela orain dauzkaten malgutasun orduak»

Astearteko bileraren balorazioa. «Ez da inolako aldaketarik izan. Gauza berak eskatzeko hitz ezberdinak erabili ditu patronalak. Emaitza bera da, ordea: Adegik 23 artikulu ezabatu edo aldatu nahi ditu. Patronalak gauza asko esaten ditu; adibidez, soldatan igoera bat izan daitekeela. Baina guk eskaintza zehatzak egiteko eskatzen diogu, eta ez du halakorik egiten. Berriro ere seriotasun falta handiko bilera bat iruditu zitzaigun».

Hitzarmenaren iraupena. «Urtebetekoa nahi dugu. Zalantza askoko momentu batean gaude, eta epe laburreko hitzarmen bat ondo etor daiteke 2011n beste egoera batean egon gaitezkeelako. Hala ere, hitzarmenaren iraupena ez da gehien kezkatzen gaituen puntuetako bat».

Lanaldia. «Gure plataforman 35 orduko lan astea jarri dugu, baina gure planteamendua da 35 orduko lan asterantz joatea. Ez dugu esaten hitzarmen honetan lortu behar dugunik. Hala ere, garrantzitsua da lanaldia murriztea langabezia handia dugulako. Beharrezkoa da dagoen enplegua banatzea. Adegik, ordea, igo egin behar dela dio. Horrek esan nahi du kaleratu dituzten langileek oso zail izango dutela lanera itzultzea».

Malgutasuna. «Oraingo hitzarmenak ere badu malgutasuna, 65 ordukoa. Bitxia da, baina enpresek oso gutxi erabiltzen dute. Badute malgutasuna eskatzeko aukera, baina ia ez dute eskatzen. Arraroada orain 120 ordura igo nahi izatea, erabil ditzatela dauzkaten orduak. Malgutasunak ez dio inolako mesederik egiten langileei. Enpresak edozein momentutan erabaki dezake lanera joateko eskatzea, edo etxera bidaltzea. Eta hori norbere bizitza planifikatzeko oztopoa da. Langileentzat oso garrantzitsua da egutegi bat edukitzea».

Soldata. «KPIa + %2ko soldata igoera eskatzen dugu. Alde batetik, KPIa oso behean dagoelako, inoiz baino beherago, eta enpresentzat ez delako hainbesteko ahalegina. Horretaz aparte, analista guztiek diote oso garrantzitsua dela kontsumoa suspertzea, eta kontsumoa suspertzeko langileek gehiago kobratu behar dute».

Eskubide sindikalak. «Adegik eskubide sindikal guztiak ezabatu nahi ditu. Dio langileek ez dutela antolatu behar, ez dutela eskubiderik izan behar. Orain artean, inoiz ez zuen halako planteamendurik egin. Beti izan ditugu eztabaidak, baina orain langileentzat onak diren puntu guztiak ezabatu nahi ditu».

Antzinatasuna kentzea. «Horrek diru asko esan nahi du langileentzako. Oinarrizko soldatatik aparte, gehigarri horiek asko laguntzen diete langileei. Neurri horrekin jendea pobreago izatea nahi du Adegik».

Hitzarmena hasieratik negoziatzea. «Guk aurrekoa kontuan hartuta hasi nahi dugu negoziatzen, hitzarmen berria langileentzat hobea izan dadin. «Hitzarmena guztiz berritzea» esanda, ez du ematen proposamen txarra denik, baina Adegik nahi duena da eskubide guztiak kentzea».





ADEGI

«Badakigu ituna ez dela sinatuko soldatak batere igo gabe »

Astearteko bileraren balorazioa. «Balorazio nahiko ona egiten dugu. Sindikatuen erdiek gutxienez -CCOOk eta UGTk- ulertu dute gure jarrera ez dela itxia eta badaukagula interesa negoziatzen hasteko. Orain arte, gure plataforma erretiratzeko bakarrik eskatu digute sindikatuek. Ez gaude prest horretarako, gure eskubidea da nahi duguna mahai gainean jartzea».

Hitzarmenaren iraupena. «Guk bi urtekoa eskatzen dugu. Normalean, sindikatuek urte batekoa eskatzen dute, eta guk bi, hiru edo laukoa. Nik uste gaur egun sindikatuek ere nahiago dutela bikoa baino hirukoa. Baina iraupena ez da hain kontu garrantzitsua».

Lanaldia. «Gure nahia da 58 orduan igotzea. Gure inguruarekin egin dugu konparaketa, eta batez beste, urtean 58 ordu gehiago egiten dute lan haiek. Kostuen eta lanaldiaren arteko harremana hartu behar da kontuan. Gipuzkoan, estatuan baino %30 handiagoak dira soldatak, eta lanaldi txikiena hemen dago. Beraz, ez gara hain lehiakorrak. Nazioartean ere, Alemaniak 35 orduko lanastea aspaldi ahaztu zuen, baita Frantziak ere. Lanorduak igotzea da gaur egungo joera. Sindikatuek, ordea, lanaldia oraindik eta gehiago txikitzeko eskatzen dute, ehun ordu gutxiago. Eta gure eskaera astakeria dela esaten dute. Azken bileran guk ez genuen esan lanaldia ez luzatzeko prest geundenik, hori ere negoziatzeko prest geundela baizik. Guk eskatzen dugu 58 ordu, baina ez dugu esaten 'hau edo ezer ez'. Hainbesteko langabezia egonda zertarako igo behar den lanaldia? Etorkizunari begiratu behar zaio, lan hitzarmenak ez dira soilik orainari begiratuta egiten».

Malgutasuna. «120 orduko malgutasuna eskatzen dugu. Malgutasuna beharrezkoa da, eta lan erreforma ere horri begira egin dute. Enpresa batek ezin ditu hainbeste arazo izan aldaketa bat egin nahi duen bakoitzean. Batetik, langileak lanpostu batetik bestera pasatzeko eskatzen dugu malgutasuna; eta, bestetik, ordutegi aldetik. Gaur lan gutxiago badago, gutxiago egin beharko da, eta bihar gehiago badago, gehiago. Hala eta guztiz ere, horrek ez du esan nahi urtean sartu beharreko orduak errespetatuko ez direnik».

Soldata. «Izoztea proposatzen dugu, baina gure jarrera malgua da horretan ere, ez dugu esango «hau edo ezer ez». Badakigu hitzarmen bat ez dela sinatuko soldatak batere igo gabe. Hala ere, inondik inora ezin dugu aritu garai bateko alaitasunarekin, eta KPIaz gorako igoera handiak izan».

Eskubide sindikalak. «Nola erabili diren ikusita, esperientziaz esaten dugu ordu sindikalek enpresen eta langileen alde oso gutxi egin dutela. Sindikatuen mesederako bakarrik erabili dira, langileen ordezkariak sindikatuen langile bihurtu dira. Guk ez dugu esan eskubide sindikalak kendu behar direnik, berriz negoziatu behar direla baizik».

Antzinatasuna kentzea. «Antzinatasuna gaur egun antzinako kontzeptua da. Sindikatuek berek planteatzen dute soldatetan ez dela ezberdintasunik izan behar, lan beragatik jornal bera kobratu behar dela. Orduan, zergatik ordaindu behar dugu antzinatasuna? Gipuzkoan zazpi edo zortzi hitzarmenetan desagertu da, eta beste konpentsazio bat eman dugu. Ez da gauza berria».

Hitzarmena hutsetik negoziatzea. «Sindikatuek erabili dute osoa hitza, baina guk nahi duguna da puntu gehienak negoziatzea. Gure plataforma eta oraingo hitzarmena konparatuz gero, hirutik bik berdin jarraitzen dute, artikulu asko ez dira ukitu. Manipulazio handia izan da puntu horri dagokionez».





Eskualdeka egingo dituzte manifestazioak gaur

Azpeitia. 11:00etan hasiko da plazatik.

Errenteria. 11:30ean hasiko da plazatik.

Tolosa. 11:30ean hasiko da Triangelu plazatik

Hernani. 11:30ean hasiko da Ibaiondo kaletik.

Eibar. 11:30ean hasiko da Untzaga plazatik.





Elkarretaratzea egingo dute Babcockeko langileek

Mobilizazio kanpainarekin jarraitzen dute Babcockeko langileek. Gaur elkarretaratzea egingo dute SEPIk Bilbon duen egoitzaren aurrean. Protestaren bidez enpresaren etorkizuna bermatzeko eskatuko dute. Langileen arabera,SEPIk onartutako industria plana behin eta berriz urratzen du enpresak.





Hiru eguneko greba egingo dute Alcoako langileek

Langileen eskubideen «urraketa» salatzeko hiru eguneko greba egingo dute Zornotzako (Bizkaia) Alcoa enpresako langileek.CCOOren arabera, %95etik gorako babesa izan du deialdiak. Besteak beste, urtean 40 ordu gehiagoko lanaldia eskatu du enpresak. Gaur, ekainaren 24an eta 29an izango dira grebak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.