Urrats esanguratsua egin du gaur ELAk, Gipuzkoako metalgintzako sektoreko hitzarmena negoziatzeko mahaia osatzera dei eginda. Sindikatuak orain arte ez dio baliagarritasunik ikusi negoziazio horiei berriz ekiteari 2011. urtetik iraungita dagoen hitzarmena berritzeko; izan ere, Espainiako 2012ko lan erreformak sektore mailan adostutako lan baldintzak beheratzeko aukera ematen zien enpresa itunei, eta Adegi patronalak hasieratik uko egin zion hori eragozteko konpromisoari.
Horregatik, bitarte honetan, ELAk enpresa mailako itunei eman die lehentasuna, eta akordio inportanteak iritsi dira horietan, batez ere enpresa handietan. «Milaka lankidek hitzarmenak izatea lortu dugu, eta horiek erreformak enpresetatik at utzi dituzte, aldi berean soldatak eta eskubideak handituz», adierazi du ELAk.
Orain, sektoreko itunaren negoziazioari ekitea erabaki du sindikatuak, zeinak %48ko ordezkaritza duen Gipuzkoako metalgintzan. Buruan ditu, batez ere, enpresako itunaren faltan baldintzak berritu gabe dituzten langileak. «Gipuzkoako metalgintzak sortzen duen aberastasuna egoera ekonomikoarekin bat etorri eta lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen batean islatzea nahi dugu. Onartezina iruditzen zaigu Gipuzkoako metalean lan egiten dutenen zati batek duela ia hamarkada bateko soldatak jasatea, eta hori zenbaitek naturaltasunez onartzea».
Negoziaziorako deia Adegirentzako «froga bat» dela ere uste du ELAk. «Bere enpresa kultura berria etengabe iragartzen duen bitartean, metalean lan egiten dutenei ukatu egiten die beren lan baldintzak berritzea». Sindikatuaren ustez, «teorian kultura berri horri dagokion diskurtsoa negoziazio mahaietan aurrerapenik planteatzen ez duen praktikaren guztiz kontrakoa da». ELAk esan du metaleko azken hitzarmena lortzeko «erantzun oso zabala izan zuten grebak» izan zirela beharrezko. «Patronalak erabakiko du egoera hori errepikatuko den ala ez».
Bizkaiko akordioaren ostean
Hainbat greba egunen ostean, eta ELAren kontrako jarrerarekin, berritu da Bizkaiko metalgintzako hitzarmena, joan den abenduaren hasieran. Haren ondotik, atzera osatu zen Arabako sektoreko ituna berritzeko mahaia, eta ikusteko zegoen zer gertatzen zen Gipuzkoakoarekin. Azken mahai horretan, ELAk ordezkaritzaren %47,7 dauka, LABek %30,28, CCOOk %16,34 eta UGTk %5,84.
Madrildik irits daiteke negoziatzeko testuingurua molda dezakeen beste erabakiren bat; izan ere, Unidas Podemos Espainiako Gobernuan sartzearen ondorioz, lan erreformaren zenbait erabaki bertan behera gelditzeko aukera dago, adibidez enpresa mailako itunak gailendu ahal izatea sektorekoei. Ikusi beharko da, halaber, ea aldaketarik dagoen estatu mailako itunei lehentasun erabatekoa ematen zien 2011ko erreformako erabakiarekin.