Metalaren ituna paperean dago

Barne bozketak egin ondoren, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eta FVEM patronalak Bizkaiko metalgintzako lan hitzarmena berritzeko adostasuna berretsi dute. ELAk aurkako jarrerari eutsi dio

FVEM patronaleko eta sindikatuetako ordezkariak, atzo, Lan Harremanen Kontseiluak Bilbon duen bulegoan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Argazki historikoa zen, eta atzo egin ahal izan zen, Lan Harremanen Kontseiluak Bilboko erdi aldean duen bulegoan. FVEM Bizkaiko Metalgintzako enpresarien elkarteak, batetik, eta CCOO, LAB eta UGT sindikatuek, bestetik, Bizkaiko metalgintzako langileen baldintzak eguneratuko dituen lan hitzarmenaren oinarriak sinatu zituzten. Iragan astean adostu zuten akordiorako oinarria, baina euren kide eta ordezkariekin bozkatu behar zuten, eta guztiek berretsi dituzte, aho batez. Ondorioz, langileen ordezkarien %58,42ren aldeko bozekin berrituko da hitzarmena. Beste %41,58 ELAren delegatuei dagokie. Ez dute akordioa onartu, eta atzo delegatuekin eginiko bozketan, haiek euren ordezkarien jarrera berretsi zuten. ELAk gaur azalduko ditu bere arrazoiak.

Tramite burokratiko baten itxura izan zuen atzoko bilerak, baina ezinbestekoa zen lan hitzarmen berria idazten hasteko. «Txikikeriak» baino ez zituzten aldatu, Jose Mari Rojo UGTko ordezkariak azaldu zuenez. Ondo bidean, bi astean egongo da prest behin betiko bertsioa. 50 minutuko bilera egin zuten, eta, ELAren jarrera zein izango zen aurretik jakinda, ez zen ezustekorik egon. Amaieran poz aurpegiak ziren nagusi. Aurreko lan hitzarmena 2011n bukatu zenetik, 39. bilera zen atzokoa, eta aurrerantzean 48.000 gizonek eta 10.000 emakumek lan baldintza berriak izango dituzte.

FVEMeko ordezkariak altxatu ziren lehenbizi. «Akordio hau ez da merkea enpresarientzat, baina ia hiru urteko lasaitasuna izango dugu lan egiteko», azaldu zuen Alfonso Rey patronaleko kudeatzaileak. Lasaitasuna ere aipatu zuen Rojok, UGTko ordezkariak, baina xehetasuna egin zuen: «Lasaitasun teorikoa da, betiere akordioa betetzen bada. Hori espero dugu, baina ikusteko dago». Haren balorazioan, UGTko ordezkariak goratu zuen langile guztiek gutxieneko baldintza komun batzuk izango dituztela.

Iratxe Azkue LABeko ordezkariak «akordio historikotzat» jo zuen, «langileen borrokari» eta «hamar greba egunei» esker «hilda zegoen hitzarmen bat berreskuratu delako». Akordioa sinatzeko arrazoiak izendatu zituen: soldata igoera, subrogazioa, lan osasun hobekuntzak, berdintasun planak ezartzea... Eta «ultraaktibitatea». Zer da ultraaktibitatea? «Oso garrantzitsua da, beste lan itun bat sinatu arte enpresariek ezingo dute alde bakartasunez hau aldatu. Sindikatuen oniritzia behar dute edozein aldaketa egiteko». Luis Mouliaa CCOOko ordezkariak, berriz, berdintasun gaietako lorpenak goratu zituen, eta oso grafikoki deskribatu zuen subrogazioa mantenu langileei ere zabaldu izanaren garrantzia: «Ehunka langile beldurrez zeuden urte amaiera gertu dagoelako. Orain, berriz, lasai egon daitezke, badakitelako lanpostuari eutsiko diotela eta urtarrilaren 1ean lanean segituko dutela».

Negoziazio honekin Euskal Herriko lan gatazka zaharrenetako bat konpondu da, eta baliteke Bizkaiko mugetatik haratago eragina izatea. Sindikatu batzuetako ordezkariek aditzera eman zutenez, hitzarmen honek erraztu dezake Arabako metalgintzan ere ados jartzea. Egun etenda daude negoziazioak. Gipuzkoakorako ere oinarri bat ezar dezaketela uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.