Negoziazio kolektiboa

Gipuzkoako metalgintzan plataforma bateratua eskatu die CCOOk beste sindikatuei

Arabako metalgintzako itunari "bultzada" eman nahi dio. Unai Sordok espero du urtarrilaren 30eko grebaren aurretik 2013ko pentsio erreforma bertan behera geratzea.

Loli Garcia eta Unai Sordo CCOOko buruzagiak, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iker Aranburu.
2019ko abenduaren 16a
13:44
Entzun

Blokeo luze baten ondoren Bizkaiko metalgintzako ituna berritu izana  akuilua izan daiteke Arabako eta Gipuzkoako hitzarmenak ere egiteko. Donostian gaur egindako batzar batean, bi lurralde horietako itunak lortzeko garaia dela aldarrikatu du CCOOk. «Euskadin halako garrantzia duen sektore batek lan baldintza duinak izan behar ditu", ziurtatu du Javier Gomez industria ataleko idazkari nagusiak.

Arabako hitzarmena aspaldi ari dira negoziatzen, baina elkarrizketak ez doaz ez aurrera ez atzera. Bizkaian adostutakoak "bultzada" eman beharko lioke Arabako itunari, Gomezen arabera.

Gipuzkoan, berriz, ez dago negoziaziorik. Egoera Bizkaiko bera da, 2011z geroztik ez baitago lan hitzarmenik. Blokeoa desegiteko ordua dela ziurtatu du Gomezek, Kursaaleko batzarrean. Horregatik, dei egin die beste sindikatuei plataforma bateratu bat egiteko, eta mobilizazio egutegi bat adosteko Adegi patronala negoziatzera behartzeko.

ELAk ez zuen Bizkaiko hitzarmena sinatu, aurrerako urratsak ikusi arren, uste duelako gehiago lortzeko aukera galdu zutela beste sindikatuek (CCOO, LAB eta UGT). Bizkaian bezala Arabako eta Gipuzkoako metalean ere sindikatu nagusia da ELA, baina Bizkaian osatutako gehiengoak balioko luke lurralde horietan ere. Horrela, Gipuzkoan ELAk ordezkarien %46 ditu, LABek %33-34, CCOOk %12 eta UGTk %4. Araban, berriz, honakoa da ordezkaritza: ELAk ordezkarien %42 ditu, UGTk %16,7, CCOOk %16,2, eta LABek %13.

Pentsiodunak

Pentsio sistemari buruz luze aritu da Unai Sordo Espainiako CCOOko idazkari nagusia, Donostiako batzarrean. Urtarrilaren 30erako Eskubide Sozialen Gutunek deitutako grebari buruz galdetuta, Sordok iradoki du ordurako aldaketa handiak izan daitezkeela pentsiodunen egoeran. Izan ere, espero du Espainian gobernua osatzea eta haren lehen erabakietako bat izatea 2013ko azken erreforma bertan behera uztea. Horren ondoren, lehentasuna izango litzateke pentsioak inflazioaren arabera eguneratzea, eta beharrezko erreformak egitea sistema jasangarria izateko. Horretarako derrigorrezkotzat jo du aurrekontuen bitartez ordaintzea gizarte kotizazioek estaltzerik ez dutena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.