Zergak

Gipuzkoako Ogasunak gutunak bidaliko dizkie Ticket Bai sisteman egon beharko duten zergadunei

55.000 zergadun inguru dira 2022rako Ticket Bai sisteman egon beharko duten Gipuzkoako zergadunak. Urtarrilaren lehenean sartuko dira lehenak. Ogasunak martxan ditu arreta telefonoa eta posta kutxa, eta urrian hasiko da bere bulego guztietan gaiari buruzko aurrez aurreko arreta eskaintzen.

Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun eta Finantzetako foru diputatua. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Irune Lasa.
2021eko irailaren 15a
13:19
Entzun

Datorren urtean Ticket Bai sisteman sartzera behartuta egongo diren Gipuzkoako 55.000 bat zergadunek lurraldeko ogasunaren gutun pertsonalizatuak jasoko dituzte egunotan, gaiari buruzko azalpenekin. Era berean, arreta zerbitzu bat ere badute kontsultak egiteko, telefonoz edo posta elektronikoz; eta aurrez aurreko arreta jasotzeko aukera ere izango dute urri erditik aurrera, Gipuzkoako Ogasunaren bulego guztietan.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako proiektua da Ticket Bai. Haren bidez, ogasunek denbora errealean jasoko dute erregistratutako transakzio bakoitzaren informazioa. Iruzurra eta iruzurrak eragindako lehia bidegabea ezabatzeko helburua du sistema berriak, eta, Gipuzkoako Ogasunaren aburuz, baita zerga administrazioak zergadunari eskainitako zerbitzua hobetzekoa ere.

Oraingoz, Ticket Bai proiektua borondatezkoa da, kolektibo bakoitza derrigorrezko epean sartu baino hilabete bat lehenagora arte. Gipuzkoako Ogasunaren datuen arabera, gaur arte 8.000 zergadun erregistratu dira borondatezko epean, eta probetan ari dira, eta horietatik 600 denbora errealean ari dira fakturak jaulkitzen. Guztira, 40.000 faktura baino gehiago jaulki dira. Gainera, 400 software daude jada erregistratuta.

Sarrera txandakatua

Lehendabizi zerga kudeaketako profesionalak sartuko dira Ticket Bai sisteman, 2022ko urtarrilaren lehenean. Gero, jarduera profesionalak, martxoaren lehenean. Txikizkako merkataritza, ostalaritza, ostatuak eta gainerako profesionalen txanda maiatzaren 1ean iritsiko da. Urriaren lehenean, eraikuntza eta higiezinen promozioa, garraioa, eta aisialdi zerbitzuak, kulturalak eta pertsonalekin erlazionatutakoak. Eta Ticket Baien azkenak sartzen, abenduaren lehenean, fabrikazioa, handizkako merkataritza, telekomunikazioa, finantzak, artistak eta gainerako behartuak izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.