Iazko ekainean argitaratutako zerrendarekin alderatuz gero, hemeretzi zordun atera dira, eta, haiekin, 33,3 milioiren zorra, baina sei zergadun berri sartu dira, 87,8 milioirekin.
Handitze horren erantzule nagusia Lagilur SL enpresa da, 80,2 milioi euroren zorra hartu baitu Gipuzkoako Ogasunarekin. Kutxak 2004an eraikuntza sektoreko enpresaburu batzuekin abiatutako eta huts egindako etxegintza operazio batekin zerikusia du zor horrek.
Zor apalagoak dituzte zerrenda horretako beste bost kide berriek: Cohimet 2004 (2,11 milioi), Fringomania (1,68 milioi), Gipuzkoako Enpresa Aholkulariak (1,18 milioi), Transportes Jon Norte (1,61 milioi) eta Vigilancia Instalacion Seguridad y Alarma (1,07 milioi).
Gipuzkoako zerrendan nabarmen ageri dira, oraindik ere, Osinalde Etxaniz anaiak: 31,58 milioi zor ditu Jose Ramon Osinaldek, eta 31,47 milioi, berriz, Jose Miguel Osinaldek; iazko antzeko kopuruak daude.
LH Commoditiesek, berriz, 60.000 euro kendu dizkio 2018. urtean zuen zorrari, baina oraindik 22,9 milioi zor ditu.
Porrot egindako eraikuntza inbertsioen ondoren, porrot egindako industriak daude Gipuzkoako zordun handien artean: Fagor Etxetresnak (8,12 milioi), Tecfrindus (6,22 milioi), Papelera del Araxes (5,93 milioi), Ramon Vizcaino (5,37 milioi), Bilore (3,73 milioi)...