Urtebete pasatxo darama Nafarroako Gobernuak Ardoaren Legea lantzen, eta hilabete batzuk barru prest egotea espero dute. Lege horretan oinarrituta sartuko da, hain zuzen, Nafarroako sor-markako ardoa ekoizten duen eremua Espainiako Mahastien adierazpen geografikoan, eta horrek zenbait aldaketa eragingo ditu.
Hala, orain egin ezin daitezkeen zenbait ardo ekoitzi ahal izango dituzte. Gaur egun, sor-markako ardoak soilik egiten dira, baina, legea indarrean dagoenean, sor-markako ardoak, lur eremukoak, lurraldekoak eta mahaikoak ekoitzi ahal izango dituzte. Ardo berri horiek sor-markako ardoak baino kalitate apalagokoa izango dute, baina, era berean, merkeagoak izango dira.
Ardoaren prezioa interesatzen zaio, hain zuzen, Espainiako Mahastiak adierazpen geografikoari; izan ere, neurri horrekin, nazioarteko merkatuan lehiakortasuna irabaztea du helburu. Ardoaren nazioarteko merkatua gero eta lehiakorragoa da, eta Australia, Txile, Argentina eta beste zenbait herrialde «indartsu» sartzen ari dira ardoaren merkatuan.
ARDOGILE HANDIAK. Lehiakortasuna era horretan irabaztea upeltegi handien interesei jarraitzea izango dela iritzi dio Nafarroako Sor-marka Arautzeko Batzordeko kide Juan Jesus Corcinek. Izan ere, Espainiako Mahastiak adierazpen geografikoko ardo berriek ez dituzte pasatu beharko Nafarroako sor-markako ardoek pasatu behar izaten dituzten kontrolak.
Hala, kalitate gutxiagoko mahats merkeagoa erosi ahal izango dute, sortuko duten ardoaren prezioa ere apalagoa izan dadin. Horrez gain, mahasti asko izateko aukera ere izango dute, egun sor-markek duten baino gehiago. «Hektarea bakoitzeko 8.000 kilo mahats ekoitz ditzakete Nafarroako sor-markako ardogileek, baina Espainiako Mahastiak adierazpen geografikokoek 18.000 kilo sortzen ari diren lekuetan hartuko dituzte».
Horrek guztiak ekoizle txikiek lehia handiagoa izatea ekar lezakeela iruditzen zaio Corcini, eta ardo merkeekin lehiatu ahal izateko eurek ere prezioak jaitsi egin beharko lituzketela uste du. Hala, irabazi gutxiago izateko arriskua lukete, eta egoera jasangaitza izatera ere irits daitekeela iruditzen zaio. «Nire ustez, urte askoan sektoreari gertatu zaion gauzarik larriena da hau».
ARDOGILE TXIKIAK. Nafarroako sor-markako ardogile txikiek izan ditzaketen kalteak aurreikusita, Nafarroako Sor-marka Arautzeko Batzordeak gehiengo osoz baztertu zuen Espainiako Mahastiak adierazpen geografikoan sartzeko Nafarroako Gobernuak egindako proposamena. Ardogintzaren ordezkari guztiak biltzen dituen erakunde bakarra da batzorde hori. «Gehiengo osoz baztertu genuen proposamena, baina Gobernuak aurrera egitea erabaki du». Corcinen iritziz, horren atzean upeltegi handiren baten «apustua» dago.
Antzeko iritzia du EHNEko teknikari Ruben Osesek ere, eta konponbidea beste bideren batetik bilatu beharko dela iruditzen zaio. Haren ustez, ardoari bultzada bat eman nahi bazaio, kooperatiben eta ekoizle txikien produkzioa merkaturatzen lagunduko lukeen politikak bilatu beharko lirateke. «Txikiak daude itoenik, eta garrantzitsua da haiei laguntzea».
Espainiako Mahastiak adierazpen geografikoaren ondorioz, baina, ekoizle txikiek ardo gutxiago saltzeko arriskua dutela iruditzen zaio. Ardo berriak sor-markako ardoak baino merkeagoak izango dira, eta kalitate apalagoa izango duten arren, zuzeneko eragina izan dezakete salmentetan. «Prezioaren arabera erosleek erabakiko dute zein erosten duten».
Horrez gain, sor-markako ardogileek ardo gutxiago salduko balute soberakinak ere handitu egingo liratekeela iruditzen zaio. «Ekoiztzitako ardoa saltzeko zailtasunak badituzte, soberakinak handitu egingo dira, eta dirua galtzeko arriskua izango dute».
Hala, egoera horri aurre egiteko orain arteko antolakuntza baztertu behar dutelako ideia salatu zuen Osesek. «Guk beti ekoizpen txikiak izan ditugu, eta orain zergatik hasi behar dugu elkartzen? Hori Kalifornia eta Hegoafrikako eredua da, ez hemengoa». Nafarroako sor-markarekin Errioxako sor-markarekin egin duten gauza bera egin beharko luketela uste du Osesek, eta ardogile txikien ekoizpena sustatu beharko luketela. Errioxako sor-markako ardoa ekoizten duten Nafarroako eremua ez da sartu Espainiako Mahastietan.
Dena den, UAGNko ardogintzaren ordezkari David Lesaunek ez ditu gauzak horren ilun ikusten. Haren iritziz, Nafarroako Gobernuak harturiko erabakiaren inguruan bi jarrera dituzte ardogileek. Batetik, ekoizle txikientzat arriskutsua izan daitekeela uste dute batzuek. «Espainiako Mahastiak adierazpen geografikotik saltzen den botila bakoitzeko, sor-markako botila bat saldu gabe gera daitekeela uste dute batzuek». Bestetik, berriz, marka horren aldekoak daude, eta nazioartean lehiatzeko beharrezko neurria dela iritzi diotenak. «Tresna horrek beste ardoekin lehiatu ahal izateko bitartekari izan behar duela diote batzuek». Hala, tresna hori gabe, lehia bidegabea izan daitekeela salatzen dute askok. «Mundu mailako ardogileek ia ez dute kontrolik pasatu behar, eta hemen, aldiz, Europako, Espainiako, Nafarroako eta sor-marka bakoitzeko legeak daude».
cirilo jaurrieta Ardogilea
«Nafarroako sor-markako ardogile txikien gainbehera eragin dezake»
b.e.Iruñea
Cirilo Jaurrieta Nafarroako ardogile bat da, eta Espainiako Mahastiak adierazpen geografikoak sektoreari kalte handia eragingo diola iruditzen zaio. Dagoeneko ardogileen artean atsekabea nabari dela uste du.
Nola dago gaur egun Nafarroako sor-markako ardogintza?
Gero eta okerrago. Badira urte batzuk oso prezio apalekin lan egiten ari garela, eta dirua ere galtzen ari gara. Beraz, gure ardogintza ez dago, ez, bere onenean.
Espainiako Mahastiak adierazpen geografikoaren harira, Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiak zein ondorio izango ditu ardogile txikien artean?
Nafarroako sor-markako ardogile txikien gainbehera eragin dezakeela pentsatzen dut. Prozesu bat izango da, baina orain lau upeltegi indartsu besterik ez dira geratuko. Horiek ardoarekin eta mahatsarekin espekulatuko dute, eta gainerako ardogile guztiok desagertu egingo gara.
Nafarroako Gobernuaren erabakia, baina, baztertu egin zuen Nafarroako Sor-marka Arautzeko Batzordeak?
Batzordeak gehiengoz egin zuen neurriaren kontra, gu ere kontra gaude... Nafarroako ardogintzaren sektore gehiena horren aurka dago, baina Gobernuak ia ez digu jaramonik egin.
Dena den, baduzue Nafarroako Gobernuak hartu duen erabakiari helegiteren bat aurkezteko asmorik?
Erabakia hartuta dago, eta gaia berriz eztabaidara eramaten saiatuko gara, baina zaila ikusten dut atzera egitea... Oso zaila ikusten dut.
Hortaz, zer gertatuko da mahasti txikiak dituztenekin?
Lehiatzeko modu bakarra ardoaren prezioa jaistea izango da, eta pixkanaka-pixkanaka jaitsi eta jaitsi... Horrela ekoizle txikiok erreka joaraziko gaituzte. Enpresa handiek urte asko jasan ditzakete diru galerekin, baina txikiok ez. Ardogile txikiok ez dugu diru sarrera duinik gabe luzaroan irauteko ia aukerarik.
Orduan, neurri horrekin enpresa handiak aterako dira irabazian?
Argi dago ekoizle txikioi Espainiako Mahastiek ez digutela ezertan lagunduko. Onurak enpresa handientzat izango dira, eta irabazi ekonomikoak izango dituzte. Normala da, eskatuko dizkieten kalitate kontrolak oso txikiak dira... Azken batean, hauxe gertatuko da: merkatu handiago eta globalizatuagoa lortuko da. Ia merkatuaren liberalizazio bat izango da, eta praktikan, seguruenik, hori gertatuko da.
Orain gero izango dituztenak baino kontrol zorrotzagoak dituzue, ezta?
Bai horixe! Guk kontrol handiak igaro behar izaten ditugu, baina hasieran Espainiako Mahastiek izango duten kontrola hutsa izango da.
Horrek, beraz, ardoaren kalitatean ere eragin lezake, ezta?
Ardoaren kalitatea jaitsi egingo litzateke, eta gure izen onari ere kalte egingo lioke. Kontuan izan behar da Espainiako edozein lekutako ardoak erabil ditzaketela, eta horrek ez du hemen dugun ardoaren kalitate bera izango duenik bermatuko...
Egoera hori ikusirik, baina, ez duzue laguntzarik jaso?
Espainiako eta Nafarroako Gobernuek ez dute ekoizle txikien alde egiten, eta enpresa handiak babesten dituzte askotan. Gainera, batzuetan diru laguntzak enpresa pribatuek ematen dituzte, eta badakigu horiek zein izaten diren, baina...
Hortaz, nola ikusten duzu etorkizuna?
Gaizki... Oso gaizki. Nabari da atsekabea dagoela ardogileen artean ere. Gauzak horrela jarraituz gero, ez dakit zer egin beharko dugun, baina, egia esan, gauzak nola dauden ikusita, etorkizuna ilun ikusten dut.
Ardogileen etiketak bateratu nahian
Europako ardoei bultzada emateko EBk proposatu zuen erreforma eztabaidatzen ari dira b.e.Iruñea
Nafarroako Ardoaren Legearen ostean, Europako Batasuna dator. Europako ardoak «uniformatu» eta merkatu lehiakorragoa sortu nahi du Europako Batzordeak, eta, horretarako, egungo EBko merkatu bateratuaren erreforma proposatu du. Proposamenean, 2010erako 400.000 hektarea mahasti kentzea iradokitzen du, egungo %12 inguru. Hala, Europako ardogileen lehiakortasuna areagotzea, merkatu kuota gehitzea, eskaera eta eskaintza orekatzea, araudiak erraztea eta Europan dauden ardo mota guztiak kudeatzea da xedea.
Dena den, hori oraindik proposamen bat besterik ez da, eta ardogintzako ordezkariak eta EBko herrialdeak proposamena onartu edo ez eztabaidatzen ari dira. Hala, 2008ko urtarrilerako EBren merkatu bateratu «irmo» bat izatea espero dute.
Ardo erreforman proposaturiko helburu horiek lortzeko, ardogintzaren azpiegituran aldaketak egitea proposatu du Europako Batzordeak. Honako hauek dira garrantzitsuenak. Batetik, mahastiak kentzen dituzten ardogileei diru laguntzak emango dizkie, eta gehienez 2.400 euro bideratuko ditu horretara; hala ere, denborak aurrera egin ahala, jaitsi egingo ditu diru laguntza horiek. Bigarrenik, mahastiak landatzeko egungo eskubide sistema 2013. urtean desagerraraztea proposatu du; neurri horrekin, ardogileek mahastiak «nonahi» aldatzeko aukera zabaldu nahi dute; hala ere, oraindik ikusteke dago arautze kontseiluek mahasti kopurua mugatzeko eskumena izango duen ala ez. Hirugarrenik, ardoaren merkatua erregulatu ahal izateko, merkatura bideratutako laguntzak baztertzea proposatu du, eta horren ordez, herrialde bakoitzari zuzenean dirua emango lioke; hala, herrialdean bertan erabakiko lukete diru hori nola banatu.
ETIKETA UNIFORMATZEKO. Ardoaren nazioarteko merkatua oso lehiakorra da, eta Australia, Txile, Argentina eta beste herrialde batzuk indartzen ari dira. Australiako ardoek, esaterako, Europako ardoei aurrea hartu diete Erresuma Batuko eta AEBetako merkatuetan. Hala, nazioarteko merkatua erabat liberalizaturik dago, eta horren aurrean Europako ardoen etiketa uniformatzen saiatuko dira.
Europan ardo mota asko daude, asko baitira ardoa aspalditik ekoizteko tradizioa duten herrialdeak: Euskal Herria, Espainia, Italia, Frantzia, besteak beste. Alabaina, ardo horiek guztiak bata bestearen aldean oso bestelakoak dira, eta etiketen bateratzearekin Europako ardoen indarra nazioarteko merkatuan indartzeko helburua dute.
Neurri hori, hein batean, Europak historian zehar ardoa ekoizteko izan duen tradizioari loturik dagoela diote adituek. Europan kalitateari eman izan zaio garrantzia, eta sor-markek indar handia hartu dute. Alabaina, kanpoko ardoen prezioei aurre egiteko harturiko neurriek arriskuan jarri dituzte.